argia.eus
INPRIMATU
Garo pozoitsutik jan

Jakoba Errekondo 2020ko irailaren 03a
Garo kimu berriak jateko ohitura oso zabaldua da Asia ekialdean, Japonian, Txinan... Bi irakinaldi eman eta garbitzen dizkiote puntta berriak dituen pozoi arrasto arinak.

Garoa oso ezaguna dugu mendietan. Garai bateko mendiaren kudeaketa publikoan garo arrunta (Pteridium aquilinum) kontuan hartzen zen mozkina zen. Otearekin (Ulex spp.) eta orbelarekin batera ongarrigai nagusia zen. Sutarako eta ikatzetarako egurra, eraikuntzarako zura, larrea, ehiza, fruitu eta perretxiko, ura, mea... zer ez du ematen mendiak? Hala jaso zuen Jean Duvoisinek 1858an argitaratutako liburuan, Laborantzako liburua edo bi aita semeen solasak laborantzaren gainean: “Ez da onthasunik oihanak bezenbat mozkin garbi ematen duenik”. Gaur egungo herri mendi eta herri oihanen kudeatzaileren bati gogoraarazi behar esaldi hori... Egur ziztrin soilaren etekina besterik ikusten ez duten horiei. Pinuaren (Pinus radiata) jauntxo lehen eta egun eukaliptoaren (Eucalyptus camaldulensis eta E. globulus) aldeztaile direnak lotsagabe pospoloak landatzen ari direla gure mendietan dio gero eta jende gehiagok. Pospoloak landatzen esaten zaio, batetik, bi zuhaitz horien egurraren kalitate eskasak pospoloak bezala paper orea edo txotxak egiteko ez beste ezer gutxirako balio duelako, eta, bestetik, mendietan supizteko garbiak direlako, pinua baino galbidetsuagoa eukaliptoa. Pospoloak ez die mendia ikusten uzten.

Mendian garoa dago, ordea. Erruz. Gero eta utziagoak dauden gure belardi eta larreetan, baita bide bazter eta abarretan ere. Sustraiak luzatuz garomenak hazi eta hazi egiten dira norabide guztietan. Hori nahikoa ez eta ugaltzeko, lore-fruitu-hazien ordez erabiltzen dituen esporak oso arinak dira eta haizearekin oso urrun oso erraz joan daitezke. Honek gure garo arruntaren hedapen izugarria ekarri du. Egun esan daiteke bere banaketa globala dela.

Beste arrazoirik ere bada horretarako. Azienda belarjalearen hortzak ez zaizkio berehalakoan hurbilduko. Garoak osagai pozoitsuak ditu eta horrek bazka izatetik itzuri du.

Zenbait animaliak jaten du, hala ere, garoa. Tartean geuk. Garo kimu berriak jateko ohitura oso zabaldua da Asia ekialdean, Japonian, Txinan... Korean “gosari” esaten diote; ez dakit goizeko otorduan jaten ote duten edo ez... Zopak, gatzetan kontserbatuak... Bi irakinaldi eman eta garbitzen dizkiote puntta berriak dituen pozoi arrasto arinak. Lurpeko errizoma lodiak ere eho eta ogi antzekoak egiteko erabiltzen dira; erabiltzen ziren, hobe esanda, eta pobrearen ogia esaten zitzaion. Iringai guztiak bezala hartzitu eta edari alkoholikoak egiteko egokiak dira. Siberian, adibidez, garagardo antzeko bat egiten dute.