argia.eus
INPRIMATU
Garikoitz Aspiazu euskal preso politikoa gerturatu du Frantziak
  • Arlesko espetxetik Lannemezangokora hurbildu dute. Frantziako zein Espainiako Estatuek espetxe zigor luzeetara kondenatu dute preso santutxuarra.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 09a
Garikoitz Aspiazu Rubina, Barajaseko aireportuan.

Etxeratek jakinarazi duenez, Garikoitz Aspiazu Rubin euskal preso politikoa Lannemezango (Okzitania) espetxera gerturatua izan da. Arlesko espetxean ez dago euskal presorik, horrenbestez. Lannemezan Euskal Herritik 290 kilometrora dago, 700 kilometrora dagoen Arles baino gertuago. Lannemezanera eraman zuten maiatzean Mikel Karrera presoa ere.

Aspiazu 2008an atxilotu zuten Frantziako Estatuan. Bi prozesu ezberdinengatik hogei eta zortzi urteko espetxe zigorrak ezarri dizkiote bertan. 2013ko epaiketan, adierazpena egin zuen Aspiazuk ETA erakundearen izenean. Lehenago, 2011. urtean, Espainiako Auzitegi Nazionalak 377 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen ETAko zuzendaritzan kokatzen duen santutxuarra.

Familiak izandako istripua

Etxerat elkarteak urte hasieran jakinarazi zuenez, honen bikotekideak eta bi urteko alabak istripua izan zuten Aspiazuri egindako bisita batetik bueltan zirela. Azaldutakoaren arabera, auto batek atzetik kolpatu zituen, eta ihesari eman ostean.