Asteazken honetan iragarri dutenez, Garik eta Josu Zabalak bi kontzertu emango dituzte Hertzainak taldearen errepertorioa joz. Irailaren 26an Bilboko Euskalduna jauregian ematekoak diren kontzerturako sarrera guztiak agortu ondoren, irailaren 25ean beste zita bat jarri dute 80ko hamarkadako taldearen nostalgikoentzat.
"Inun baino alaiagoa izanen da" izenarekin bataiatu dituzte bi kontzertuok, Gasteizen sorturiko taldearen lehen diskoko Ta zer ez da berdin kantako letra-zati bat hartuz. Aurten 38 urte beteko dira euskaraz punka eta ska uztartzen aitzindarietako bat izan zen taldea jaio zenetik eta, adierazi dutenez, urteurren horrekin dauka lotura bi musikarien elkartze honek.
Irailaren 25ean Bilboko Euskaldunak jotzekoak zirela argitaratu eta berehala, kontzertu horretako sarrerak agortu egin ziren. Hori dela-eta, ahalik eta zale gehienek emanaldiaz gozatu ahal izateko, beste hitzordu bat iragarri dute asteazken honetan. Irailaren 25ean izango da, Euskalduna jauregian hau ere.
Hertzainak taldearen aurreko berpizteak
1993an utzi zion Hertzainak taldeak zuzenean jotzeari Anoetako kiroldegian (Donostia) jo zuten hondarreko kontzertuaren ondoren (osorik ikus daiteke beheko bideoan).
Geroztik gutxi batzutan berragertu da taldea eszenatoki gainean: 1993an bertan, Izarran (Araba) elkartu ziren, 45 minutuko kontzertu bat eskaintzeko, Kubarekin elkartasunez. Araba Euskaraz batean jotzeko ere elkartu ziren, baita 1990eko hamarkadaren bigarren zatian Donostian Ernesto Guevara "Che" iraultzailearen omenez antolatutako jaialdi batean ere.
2012ra arte itxaron behar izan zen taldea berriz oholtza gainean ikusteko. Gasteizko Helldorado aretoan izan zen, Tito Aldama taldeko kideari egindako omenaldian (beheko bideoan Hertzainak kanta nola jo zuten ikus daiteke).
Urte hartan bertan, Garik eta Josu Zabalak elkarrekin beste emanaldiren bat ere egin zuten, Ondarroako Kafe Antzokian adibidez. Beheko irudietan Si vis pacem parabellum kantatzen ikus daitezke.
Euskaldunako bi kontzertuek badute denboran hurbilago geratzen zen aurrekari bat ere: Garik eta Josu Zabalak Aitormena klasikoa eta beste bost kanta elkarrekin jo zituzten aurtengo otsailean Bilboko Arriagan, Gariren kontzertu batean. EITBk jaso zuen momentua.