argia.eus
INPRIMATU
“Gariaren matxinada” oinarri hartuta, herri-antzerkia egingo dute Azpeitian larunbatean
  • 1766. urtean, jauntxoek gariaren prezioa igo zutelako, herri matxinada antolatu zen Azkoitian eta Azpeitian. Gertakari horretan oinarritutako Matxinada antzezlana estreinatuko dute larunbatean Azpeitiko Soreasu antzokian. Imanol Elias zenak idatzi zuen testuan oinarrituta, lehen aldiz taularatuko dute.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko urriaren 24a
Imanol Eliasen testu batean oinarritu dute herri-antzezlana.

Azpeitiko XXXVI. Antzerki Topaketak irekiko ditu Matxinada-k. Imanol Elias idazle eta antzerkigile azpeitiarrak idatzitako gidoitik abiatuta, herri-antzerki musikala prestatu dute Gipuzkoako herri horretako bizilagunek. Azpeitiko Kultur Mahaiak gidatu du ekimena.

2013an hil zen Elias, ikuskizuna oholtzan ikusi ez izanaren pena berarekin eramanda. Bost urte geroago testu hura gorpuztuko dute ordea. Jende asko inplikatu da horretarako, 100 lagun inguru: Olatz Prat, Felipe Murillo, Itziar Oiartzabal, Luis Mari Galdos, Jon Gurrutxaga, Ignacio Arakistain, Jaime Amenabar, Josetxo Brey, Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Haritz Etxeberria, Iban Amenabar, Iñaki Odriozola, Gaizka Larrañaga eta Iñigo Antsorregi ariko dira antzezle gisa; horiez gain, Azketa ahots taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak, Udal Musika Bandak, Izarraitz txistulari taldeak eta Itsasi dantza taldeak ere parte hartuko dute emanaldian.

Antzezlanak badu aurrekari bat, Iñigo Aranbarrik 2014an argitaratutako Apirila nobela. Gainera, “gariaren matxinada”-ren 250. urteurrenean, 2016an, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak hainbat ekimen antolatu zuten gertakariak gogorarazteko eta herriko historia ezagutarazteko asmoz.

Orduan ere asmoa izan zuten Matxinada ikuskizuna taularatzeko. Prentsari bidalitako ohar batean Azpeitiko Kultur Mahaiak esplikatu duenez, “abiatu bai, abiatu genuen. Unai Frantzesena doinuak prestatzen hasi zen, Alaitz Olaizola gidoia egokitzen, aktore lanetarako jendea lotzen hasi ginen. Asko luzatu zaigu dena, bi urte alajaina, baina heldu da eguna”.

Urriaren 27an da zita Soreasu antzokian, 22:00etan.

["Gariaren matxinada" testuinguru historikoan kokatzen du Urko Apaolazaren Matxinada: XVIII. mendeko suminduak erreportajeak]