argia.eus
INPRIMATU
Garena jaten dugu
  • Fernando Pessoa poetak esan zuen paisaian geu ikusten garela, geu garena ikusten dugula.

Jakoba Errekondo 2022ko uztailaren 07a
Garai batean, martorria (Coriandrum sativum) asko erabiltzen zen. Judutarrek erabiltzen zuten batez ere, eta espainiar erregeek zanpatu eta kanporatu zituztenean martorria sukaldeetatik desagertu zen; judutzat hartu eta gogor zigortzeko arriskua zegoen martorria erabiliz gero. Martorria inkisizioak kendu zigun.

Jaten duguna gara, maiz entzungo zenuen esaera da, esan ere esango zenuen agian. Nik diot garena jaten dugula; geure buruak hagintzen duela zer jan. Eta jaten dugun horrek sortzen du Pessoaren paisaia, eta gurea. Eta paisaiak ez dira pertsonenak: taldeenak, komunitateenak, herrienak baizik. Eta hortxe, hautematen dugun paisaia horretan dago gure emozioen memoria. Paisaia emozio aberria da.

Memoria bai. Gustuko izango ditugula sumatzen dugun tokietara bidaiatzen dugu; bihar-etzietan joango gara. Badakigu, denboran zehar bidaiatzeko, igarotako garaietara joateko, era ia bakarra zaporeak eta usainak dira. Jaten duguna tartean.

Jaten duguna kultur eraikuntza da, denon artekoa. Amaia Gabilondo kultur eragileak ederki asko adierazi zuen elkarrizketa batean: kultura emozioen ospitalea da. Raquel Martin neurozientifikoak dio: jaten dugunak nola sentitzen garen eragiten du, garuna eta hesteak lotuta daude.

Eta jatearen jakintza horretan nork hagintzen du? Nork esaten du zer jan eta zer ez? Garai batean, adibidez, martorria (Coriandrum sativum) asko erabiltzen zen, gaur egun perrexila (Petroselinum crispum) bezala. Judutarrek erabiltzen zuten batez ere, eta espainiar erregeek zanpatu eta kanporatu zituztenean martorria sukaldeetatik desagertu zen; judutzat hartu eta gogor zigortzeko arriskua zegoen martorria erabiliz gero. Mediterraneo eremu osoan oso ohikoa zen, baina Espainiaren haginpeko lurraldeetan desagertu egin zen. Portugalerako muga igarotzea nahikoa duzu bere lurrin gozoa nonahiko otordutan topatzeko. Martorria inkisizioak kendu zigun.

Txerriarekin antzeko zerbait gertatu zen otean nago. Judu eta musulman “fedegabeengandik” bereizteko haiek jaten ez zuten txerria raka-raka jaten hasi ote ziren. Txerrizaletasuna Inkisizioak ekarri ote zuen?

Jakiak sortzea, lantzea eta jatea kultura bizia direnez, etengabeko gorabeherak, kutsadurak, maileguak, bilakaerak jasaten ditu, baita tabuen menpe ere.

Jatea ez da soilik elikatzea. Janez historian izan garena bizitzen dugu eta historia, paisaia, baratzeak eta garena sortzen ditugu.

Sigmund Freud neurologo eta psikoanalisiaren sortzaileak esan zuen: denbora alferrik galdu dut, bizitzako gauza garrantzitsu bakarra baratzezaintza da.