argia.eus
INPRIMATU
Gardelegiko lindanoa garbitzeko araztegia eraikiko du Gasteizek
  • Lindano isuriak direla eta, URAk hiriari isuna jarriko diola jakin eta gutxira egin dute iragarpena.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko ekainaren 14a
Orain arte egindako ikuskatze guztietan "desbideraketak"antzeman dituzte (argazkia:Alea)

Gasteizko Udalak Gardelegiko zabortegitik Zadorra ibaira gertatzen diren lindano isuriak garbitzeko uren araztegia jarriko duela iragarri du ingurugiro zinegotzi Iñaki Prusillak. Araztegi horren funtzioa lurrazpiko urak biltzea litzateke, ur hori lurrazalera ponpatu eta bertan garbitzeko. Ondoren, ohiko ur sarera bideratuko lukete.

Irabazi taldeko zinegotzi Oscar Fernandezen galderei erantzutean iragarri du neurria Prusillak. Fernandezek salatu du Udalak proposatutako irtenbidea "adabaki bat" besterik ez dela. "Garbi gelditu da honen inguruan ez duzuela ezer egin, erantzukizunak hartu gabe, beste toki batera begiratuta".

Astelehenean jakin zen URA Uraren Euskal Agentziak  Udalari zigor txosten bat zabaldu diola, eta bertan 50.000 euroko isuna proposatzen duela, Krispiñako araztegitik Zadorra ibaira atzemandako isuriak direla eta.

Orain arte Jaurlaritzak Gardelegin egin dituen ikuskatze guztietan urari lotutako hobekuntzak eskatu dituzte. Azkena, otsailaren 26an egin zuten, eta bertan Jaurlaritzak 30 eguneko epea eman zuen "desbideratzeak zuzentzeko edo berehala zuzentzeko inplantatu diren ekintzen dokumentazioa aurkezteko".

Albiste hau Arabako alea-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.