argia.eus
INPRIMATU
Garbitzaileek grebak abiatu dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan
  • Garbitzaileen sektorean, grebak abiatu dituzte aste honetan Bizkaian zein Gipuzkoan. Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileek astelehenean abiatu dute greba, beren eskakizunak bete ezean maiatzaren 7a arte luzatzeko asmoz. Bizkaian asteartean eta asteazkenean deitu dute greba eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek, eta maiatzean beste hiru greba egun iragarri dituzte.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 27a
Bizkaiko garbitzaileen mobilizazioa (Argazkia: ELA Sindikatua)

Bizkaian zein Gipuzkoan, grebak abiatu dituzte garbitzaileen sektorean. Astelehenarekin batera abiatu zuten greba Gipuzkoako Foru Aldundiko eraikinetako garbitzaileek. Garbiketa zerbitzua azpikontratatua du aldundiak, Eulen enpresaren bidez. Salatu dutenez, zuzendaritzak ez du langileen ordainsaria KPIaren igoeraren arabera egokitu nahi.

LAB Sindikatuak adierazitakoaren arabera, apirilaren 5ean egindako azken bileran patronalak adierazi zuen ez duela KPIari lotutako planteamendu ekonomikorik egin nahi. Hala bada, langileek grebari ekin diote, negoziazio kolektiboei begira beren hitzarmenetan Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) berma dadin exijitzeko. Beren eskaerak onartu ezean, grebari eutsiko diote maiatzaren 7a arte.

Astelehenean Ertzaintzak bi langile identifikatu zituela jakinarazi zuen LABek; halere, "positibotzat" jo zuen lehen greba eguna.

Greba abiatu berritan, LAB, ELA eta ESK sindikatuek aldundiaren jarrera salatu dute. "Nahiz eta ziurtatu ezin duela hitzarmenaren negoziazio kolektiboan esku hartu, garbitzaileak Eulenen langileak direla argudiatuz, argi geratu da euren esku dauden tresna guztiak erabiltzen dituztela langileei presioa egiteko", zioen LABek, Ertzaintzaren identifikazioei erreferentzia eginez. Eulen enpresa grebalariak ordezkatzen ari dela ere salatu du sindikatuak: "Grebalarien lanak egiten ari dira, nahiz eta jakin hori ez dela legezkoa".

Bizkaiko garbitzaileen greba

Bizkaian ere, asteartean greba abiatu zuten eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek. Asteazkena ere greba eguna izango da, eta ondorengo greba egunak maiatzerako iragarri dituzte; zehazki, maiatzaren 10, 11 eta 12an.

Bizkaiko grebalariak beren lan baldintzen hobekuntzan exijitzen ari dira iazko azarotik, eta eskakizun nagusia da soldata 1.200 euroko hamabost ordainsaritara igotzea. ELA Sindikatuaren arabera, "negoziazio mahaian patronala ez aurrera ez atzera dagoenez, sindikatuek, negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatuz, mobilizazioekin jarraitzea beste biderik ez dute ikusi".

ELAk, LABek eta ESK-k sindikatuen arabera, greba jarraipen zabala izaten ari da. Grebari ikusgaitasuna eman asmoz, Gora Garbitzaileak kolektiboak itxialdia egin du asteartetik asteazkenera arteko gauez Hika Ateneoan.