argia.eus
INPRIMATU
Garbitzaile batek gurpil-aulkian ekin behar izan dio lanari Iruñeko Mendigoiti ikastetxean
  • Maria Elena Escudero 56 urteko emakumea azkenean Mendigoiti ikastetxeko bere garbitzaile lanera itzuli behar izan da ostegun honetan, Iruñeko Mendillorri auzoan. Asteazkenean ez joateko esan zioten Zaintzen enpresakoek eta ostegunean berriro baietz, aurkezteko lantokian.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 04a
LAB

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, asteazken honetan 17:00etan eskolako garbiketa lanari ekin behar ziola esanez, Zaintzen enpresaren oharra jaso zuen Escuderok. Bere osasun egoeragatik, Escuderok gurpil-aulkian egin behar ditu bere joan etorriak, eta hori dela eta, bere egoera ez dela garbiketa lanetan hasteko modukoa salatu zuen LABek, eta sarrera ordurako bilkura deitu zuen ikastetxe atarian, Lan osasuna gure eskubidea da goiburupean.

Asteazkenean bertan, dena den, enpresak jakinarazi zion Escuderori, gizarte segurantzako balorazioa oraindik iritsi gabe zegoela eta, beraz, ez zuela lanera joan beharrik. Ostegunean langileak enpresaren beste dei bat jaso du eta bertan adierazi diote txostena iritsia dela eta, hortaz, arratsaldean lantokira joateko.

Escuderok hala egin du eta ikastetxera LABeko aholkulariekin sartu da, bertan aholkulari eta enpresako arduradunen arteko eztabaida beroa izan ondoren, haiek lan tresnak eman dizkiote langileari eta adierazi diote bakarrik egin behar duela lan, inoren laguntzarik gabe. Egoera kontuan hartuta, Escuderok ikastetxetik alde egitea erabaki du.

LABen esanetan, 56 urteko Escuderok %49ko ezintasun aitortua du eta Osasunbideak eginiko txosten baten arabera, gurpil-aulkia behar du hamar-hamabost minutu baino gehiagoko joan-etorrietarako. Asteazkenean sindikatua pozik agertu zen, bere esanetan presioaren ondorioz Zaintzen enpresak atzera egin zuelako. Orain, ordea, bere etsipena agertu du, eta egoera lotu du Enma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak iragarri duen erreformarekin. Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzailearen esanetan, “badirudi hemendik aurrera langileok bajan egon arren onartu beharko dugula taka-taka batean edo gurpil-aulki batean lanera joatea”.

Ahotsa.info-ko bideo honetan jaso dute sarrera unea eta aurretik Escuderok egindako adierazpenak.