argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Ubeda izango da Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berria
  • Jasone Osorori lekukoa hartuko dio Garbiñe Ubeda kazetari eta idazleak. Hala erabaki du Euskal Idazleen Elkarteko batzar orokorrak. Lau urterako hartuko du ardura berria. Nora Arbelbidea, Ana Galarraga eta Peru Iparragirre izango ditu Zuzendaritza Batzordeko kide.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 19a

Elkartearen zuzendaritzak proposatu du Garbiñe Ubeda Goikoetxea (Tolosa, 1967) ardura hori betetzeko. Larunbatean batu zen Batzar Orokorra eta Jasone Osororen ordezkoa nor izango zen erabaki zuten. Ubedak kideen babes osoa jaso zuen eta datozen lau urteetan bera izango da EIEko lehendakaria.

Kazetari eta diseinatzaile lanetan ibilbide oparoa egin du Ubedak ARGIAn –zuzendari izana da– eta gero Euskaldunon Egunkaria, Berria eta beste hainbatetan. Negu Gorriak-Ideia zabaldu tour 95 (1995, Susa) bere lehen lana izan zen. Taldeak Europan barrena eginiko giraren kronika idatzi zuen Ubedak. Urte batzuk beranduago idatzi zuen  Mila ezker (2009, Susa): ezkerra izatearen abantailez eta desabantailez aritu zen bertan. Azkena duela bost urte argitaratu zuen, Hobe isilik (2013, Elkar) izenez: 36ko gerran miliziano ibili ostean, Frantzian galdu zen aitona anarkistaren arrastoaren atzetik dabilen bilobaren istoria jaso zuen bertan.

Ubeda ez da bakarrik egongo kargu berrian. Zuzendaritza Batzordeko kide izango diren beste hiru lagun ere aukeratu baitzituzten larunbateko biltzarrean: Nora Arbelbidek, Ana Galarragak eta Peru Iparragirrek osatuko dute lan taldea. Aurrekontuak ere onartu zituzten. Biltzarraren ostean ezohiko batzarra egin zuten bazkide gazteen parte hartzea errazteko modua berriak aztertzeko.