argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Mendizabalek ordezkatuko du Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari karguan
  • Hala eman du aditzera Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mikel Irizar ordezkatuko du karguan tolosarrak. Euskal Filologian lizentziatua eta Euskararen Aholku Batzordeko kide, euskararen biziberritzearen aldeko lanean esperientzia zabala du Mendizabalek.

Goiena @goiena 2018ko urtarrilaren 03a

Garbiñe Mendizabal (Tolosa, 1961) izango da aurrerantzean Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria.

Gaur egun Eusko Legebiltzarkidea da (EAJ). Euskal Filologian lizentziatua da eta graduondoko ikasketak egin ditu UPV/EHUn, HIZNET hizkuntza planifikazioan.

1991 eta 1995 urteen artean ere izan zen Foru Aldundiko Euskara zuzendaria.

Euskararen biziberritzearen alorrean ibilbide eta jakintza zabala dauka eta 2007tik hona Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan da.

Mikel Irizarrek utzitako lekua hartuko du Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzan, azken honek arrazoi pertsonalengatik urte amaierarekin batera bere kargua utzi ostean.

Datorren asteko gobernu kontseiluak onartuko du Garbiñe Mendizabalen izendapena.

Albiste hau Eneko Azkaratek argitaratu du Goienan eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.