Martxoaren 19an, bideo grabaketa bidez, LABeko idazkari nagusiak patronalaren neurrira egindako konfinamendua dela hau salatu zuen eta enpresek jarduera ekonomikoa eten badute sindikatuen eta langileen presioagatik izan dela adierazi du. Ondoko lerroetan duzue Aranbururen mezuaren zati bat:
Osasun instantzietatik esaten zaigu lehentasuna birusa zabaltzea saihestea dela. Horretarako, berriz diogu premiazkoa dela herritarrentzat funtsezko zerbitzua ez den jarduera ekonomiko oro gelditzea.
Polizia atera dute, eta baita armada ere, gure mugimendu ahalmena muturreraino zaintzeko eta mugatzeko. Baina, bitartean, enpresa askok ekoizpena beste edozein kontsiderazioren gainetik mantentzen dute. Sartzen ari garen salaketen aurrean, ez Osalan, ez INSL, ez Lan Ikuskaritza ez dira gai kutsatzeko arrisku eta probabilitate larri baten aurrean jarduera gelditzeko.
Enpresen jarduerari prebentzio neurri egokirik gabe eustea arduragabekeria handia da. Prebentzioa bermatzen ez den enpresetan egoera jasanezina da, eta oso tentsio handikoa. Eta krisi honen aurrean ere ez gaude baldintza berdinetan. Emakume batzuek lanean jarraitu behar dute, berea funtsezko lana delako: etxeko langileak, egoitzetako langileak, etxez etxeko laguntza, garbitzaileak, supermerkatuetako langileak... baina beharrezko prebentzio-neurririk gabe ari dira.
Prebentzio neurri egokirik gabe lanean ari den pertsona oro, bere osasuna eta besteena arriskuan jartzen ari da: Gizarte gisa onartu ezin dugun zerbait da hau, ezin dugu naturalizatu seme-alabekin buelta txiki bat emateagatik isuna jar diezaguketen egoera bat, eta enpresek baldintza hauetan lan egiten jarrai dezaten.
Jarduera gelditu duten enpresek sindikatuen eta langileen presioagatik egin dute. Borrokan jarraitzea beste biderik ez zaigu geratzen. Patronalaren neurrira egindako konfinamendu baten aurrean funtsezkoa ez den ekoizpen oro gelditu behar da.
Enpresetan, gure osasuna bermatzen ez bada, gure eskura dauden tresna juridiko eta ekintza sindikal guztiak erabiliko ditugu langileen osasuna bermatzeko.
Azken egunotan etengabe ari dira pertsonen ardura indibiduala eskatzen, eta herritarrak modu eredugarrian erantzuten ari dira. Ostalaritza, merkataritza txikia, negozio txikiak... Itxi egin behar izan dute, eta, kasu askotan, inolako debekuren aurretik ere egin dute, erantzukizun hutsagatik. Baina, non geratzen da enpresek duten erantzukizun soziala? CEOEk, Confebaskek, CENek, enpresa handien interesak ordezkatzen dituztenek, ez dute inolako erantzukizunik hartzen, eta, gainera, krisi honen kostua langileei eta diru-kutxa publikoei helarazten saiatzen ari dira.