argia.eus
INPRIMATU
Garbiñe Aranburu aho batez izendatu dute LABeko idazkari nagusi
  • Gasteizen LAB sindikatua egiten ari den IX. Biltzar Nagusian zuzendaritza berria eta datozen urteetako gida-lerroak onartu dituzte 500 afiliatu inguruk.

ARGIA @argia 2017ko maiatzaren 26a

Biltzarrera joandakoek %95etik gorako adostasunarekin Garbiñe Aranburu izango da LABeko idazkari nagusi datozen urteetan, aurretik Rafa Diez eta Ainhoa Etxaide izan dira kargu horretan; Nazio Komite berriaren kideak ere aurkeratu dituzte. Zuzendaritzak aurkeztu zuen Aranburu idazkari nagusi izateko eta ez da beste proposamenik izan.

Gasteizko Europa Jauregiko biltzarrean aurrera begirako erabakiak hartu ditu sindikatu abertzaleak. Hala, ponentzia politiko sindikala eta azken urteetako balantzea laburbiltzen duena onartu dituzte. Balantzearen berri Etxaidek eman du, bere esanetan sindikatua "gai izan da krisi garaiotan bere burua berrasmatzeko".

Biltzarrean gatazkaren konponbidearen eta migrarien inguruko ebazpen bana onartu dira eta lehenik eta behin Gasteizko Errekaleor auzoan bizi duten egoera dela-eta hango bizilagunekiko elkartasuna adierazi dute. Rafa Diezen gutuna ere irakurri dute, El Duesoko espetxean dago sindikalista beteranoa eta bere Naike Diezek irakurri du txalo zaparrada artean.

LABek emandako datuen arabera, nazioarteko 34 ordezkaritza izan dira biltzarrean eta Euskal Herriko eragile ugarik ere parte hartu du gonbidatu gisa.

ARGIAk elkarrizketa egin dio Garbiñe Aranbururi berrikitan (2.554 zk.), ekintza sindikalaren inguruan eta LABek hartuko duen norabideaz.