argia.eus
INPRIMATU
Garbiketa, jantoki eta garraioko langile azpikontratatuek ere hezkuntzako grebarekin bat egin dute
  • "Garbikuntza, jangela eta eskola garraio zerbitzua indartzea ezinbestekoa da gure seme-alabak modu seguruan itzuli daitezen ikasgeletara" adierazi dute, eta hauxe gehitu dute: "Hezkuntza komunitatean betetzen dugun funtzioa ezinbestekoa da. Baina ez zaigu aintzat hartzen. Gure funtzioak betetzeko ezinbestekoa da ratioak jaistea, jardunaldiak handitzea baita langile gehiago kontratatzea ere". Irailaren 15ean greba egingo dutela iragarri dute.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 14a

Irailaren 11n elkarretaratzea egin zuten Bilboko Arriaga plazan. LAB sindikatuak jaso du azpikontratatutako langileek zabaldutako mezua:

"Hezkuntza komunitatearen parte garen langileak gara, eskola garraioko, jangeletako edota garbikuntzako langileak gara. Gehiengoak emakumeak, jardun murritz eta aldizkako kontratuekin oinarrizko lanak egiten ditugunak, ikusezin eta prekarizatuak. Gu gabe ez dago irakaskuntza prozesuari ekiterik. Baina gu aintzat hartu gabe jarduten dute Hezkuntza Saialak zein Patronalek.

Eskoletako garbitzaileok pandemia osoan aritu gara lanean, gure lana funtsezkoa delako. Hala ere, enplegua duintzeko gure eskaera historikoak ez dira kontuan hartu, emakumeon berezko funtzioa balitz bezala garbikuntza. Ikasturte hasiera honetan ere, soldata baxuak, lanaldi partzialak eta lankarga jasanezinak izaten jarraitzen dugu. Ikasgelak berriro ireki dira eta lana biderkatu egin da baina ia ez da kontratazio berririk egin, ez behintzat Cristina Uriartek hitzeman adina. Hezkuntza Saila zein Patronala gure funtzioaren balioa aitortu gabe jarraitzen dute.

Ikastetxeetako jangeletako eta eskola-garraioko langileok kezkaz bizi izan genituen konfinamendu garaiak, eta ordutik, hainbat mobilizazio egin ditugu alternatibak plazaratuz, Hezkuntza Sailari bilerak eskatuz edota jangelak eta autobusak modu seguruan martxan jartzeko protokoloak aurkeztuz. Baina Hezkuntza Saialak zein Patronalek entzungor egin eta ez dira behien ere langile ordezkariekin eseri.

"Garbikuntza, jangela eta eskola garraio zerbitzua indartzea ezinbestekoa da gure seme-alabak modu seguruan itzuli daitezen ikasgeletara"

Hezkuntza komunitatean betetzen dugun funtzioa ezinbestekoa da. Baina ez zaigu aintzat hartzen. Gure funtzioak betetzeko ezinbestekoa da ratioak jaistea, jardunaldiak handitzea baita langile gehiago kontratatzea ere. Garbikuntza, jangela eta eskola garraio zerbitzua indartzea ezinbestekoa da gure seme-alabak modu seguruan itzuli daitezen ikasgeletara. Eta hau guztia, langileon ordezkariokin adostu behar da.

Egiten dugun lanari dagokion balioa emateko garaia da. Ez dugu emakume isil, otzan eta prekarizatuak izaten jarraitzeko asmorik; horregatik, gu ere, irailaren 15ean Grebara goaz, aurrez aurreko hezkuntza itzulera seguru eta adostuaren alde".