argia.eus
INPRIMATU
Garbera merkatalguneko autobus zerbitzu berriak “kontsumoa bultzatzen” duela salatu dute
  • Donostiako Ezker Anitza-IUren ustez, DBusek abian jarritako zerbitzu berriak lokal eta enpresa batzuen "interes ekonomikoei" erantzuten die, hiriko garraio publikoa hobetu beharrean.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 19a
Garberara daraman autobus lineako ordutegia zabaltzeak zeinen interesez egin den zalantzan jarri du Ezker Anitzak (argazkia: EiTB)

Donostian, Garbera merkatalgunetik Boulebarrera doan autobus linearen ordutegia zabaldu du Donostiako Udalak DBus konpainiarekin, eta astelehenetik larunbatera gaueko 22:25ean azken bidaia bat egingo dute autobusek, merkatalguneko langileei "joan-etorria errazteko"

Ezker Anitza-IUren ustez, baina, zerbitzu horrek ez die erantzuten langile eta herritarren beharrei: "Zerbitzuak merkatalgune horretara zabaltzeak kontsumoa bultzatzeari erantzuten dio nagusiki, eta, beraz, bertan lokalak dituzten enpresen interes ekonomikoak hobetzeari, hirian beste poligono eta lantoki batzuk daudelako, garraio publikoko zerbitzuei dagokienez gabeziak dituztenak eta lineak indartu ez dituztenak", azaldu du.

Talde politiko honen arabera, ez du zentzurik gaueko ordutegia indartzea eta, aldiz, goizekoa ez, "langileak gune horretan sartzeko ordutegia 6:00ak direnean". Gainera, hiriaren erdigunera doan linea indartzea ere ez da zuzena Ezker Anintza-IUrentzat, langile gehienak beste auzoetan eta inguruko herrietan bizi baitira: "Helburua benetan hiriko garraio publikoa hobetzea eta hiriko langileen gehiengo sozialari joan-etorriak erraztea izango balitz, zerbitzuen ordutegia Donostiako beste polo edo lantoki batzuetara zabaldu beharko litzateke".

Merkatari txikiak kalteturik

Erabaki horrekin merkatari txikiak kaltetzen direla uste du Ezker Anitza-IUk, merktalgune handietarako apustuarekin "multinazionalen zerbitzura dagoen merkataritza-eredu bat sustatzen baita, eta hurbileko merkataritzak ezin du horrekin lehiatu".

Hala, gogorarazi du 2008tik 2021era 1.000 denda txiki inguru itxi dituztela Donostian eta hainbat auzotan hutsik dauden lokalak herena baino gehiago direla, hala nola Altzan, Intxaurrondon, Loiolan, Ategorrietan edo Bidebietan.