Garapen Kontseiluak Herri Elkargoa sortzearen aldeko deliberazioa hartu du. Irail honen 10ean, Zuzendaritza Batzordearen bilkura kari, gizarte zibila mugiarazteko ekimena bideratzea erabaki zuen.
Garapen Kontseiluak Ipar Euskal Herrirako ekimena bultzatzeko txosten zabalean agertu dituen arrazoiak honakoak dira: NOTRe legearen ondorioz, herriarteko mapa berri bat marraztua izanen da 2017ko urtarrilaren lehena aitzin. Euskal hautetsiei proposatzen zaie aukera horretaz baliatzea, Ipar Euskal Herriaren neurriko Herriarteko Elkargo baten sortzeko.
Garapen Kontseiluaren aburuz lurraldeari aukera paregabea eman zaio, garrantzizko eskumenak lituzkeen instituzio baten eraikitzeko eta Akitania eskualde erraldoi berrian eragiteko ahalak izateko.
Garapen Kontseiluak bere kideen bitartez gizarte zibil osoa mobilizatuko du, Euskal Herriaren etorkizunarentzat sekulako garrantzia duen eztabaida horren biziarazteko.