argia.eus
INPRIMATU
Garapen iraunkorrean hizkuntzak tokirik ez!
  • Euskal Herriko zenbait eragile Hizkuntza Aniztasuna Garapen Iraunkorrerako Helburu modura kontuan hartzea sustatzen ari gara

Irati Aira Rodas, Maitane Mugica LemiƱa / Easo Politeknikoko Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola zikloko ikasleak 2019ko maiatzaren 24a
Easo Politeknikoa.

Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) Lurraren eta pertsonen oparotasuna eta bakea sustatzeko 2015. urtean sortutako mundu mailako helburuak dira. Iraunkortasuna bultzatzen duten 17 helburu eta 169 erronka dira, eta Nazio Batuen Biltzar orokorrak adostu eta onartu zituen Gure Mundua Eraldatzea: 2030 Agenda, garapen iraunkorrerako ebazpenean. Orduz geroztik planteamendu hauek bere ibilbidea egiten ari dira eta administrazio eta erakundeen eguneroko jardunean agertzen hasi dira. Aipatzekoa da proposamenaren oinarrietako bat helburuen arteko uztarketa dela; hau da, helburuetako bat lortzen baldin bada, beste helburuek ere aurrera egiten dute.

Gaur egun mundu mailan hitz egiten diren ia 7.000 hizkuntzen %40-a desagertzeko arriskuan dago. Kultura osatzen duen oinarrizko elementua hizkuntza da. Beraz, hizkuntza galduz gero, oso zaila izango litzateke kultura baten biziraupena luzaro bermatzea. 2030 AGENDAN kultura-aniztasunaren aipamen eskas batzuk besterik ez dira egiten; agendaren sarrerako adierazpenaren 8.artikuluan, batik bat: “(...) jatorri etnikoa eta kultura-aniztasuna errespetatzen dituen mundua nahi dugu, (...)”. Hala ere, ez da hizkuntza-aniztasuna inon aipatzen; hortaz, hizkuntzak ez dira kontuan hartu Garapen Iraunkorrerako Helburuak formulatzeko garaian. Hizkuntzak herri baten parte diren kideei nortasuna ematen die, kideen arteko kohesio sozialaren aldeko elementua baitira. Ez baldin bada hizkuntza eta kultura-aniztasunak ematen digun balio immateriala aintzat hartzen, ezingo dela garapen iraunkorra sustatu ondoriozta daiteke.

Eskolan GIHk ezagutarazteko antolatu zen erakusketa (Argazkia Maitane Mugica).

Egoera honen aurrean, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedra eta Easo Politeknikoaren arteko elkarlanaren eskutik 17+1 helburua osatu dugu: kultura eta hizkuntza aniztasuna bermatzea. Proposamen hau sustatzeko, Easo Politeknikoan hainbat ekimen bultzatzen ari gara; esate baterako, Usandizaga BHI zentroaren partaidetzarekin, 17+1 helburua ilustratzeko marrazki lehiaketa bat antolatu genuen eta honela 17+1 helburuak gizarteratzeko erakusketa bat antolatu genuen. Bestalde, GHI 17+1 helburuen behatokia sortu da. Bertan Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola zikloko ikasleek tokiko egunkarietako albisteak eta GHIak erlazionatzen ditugu, honela 2030 agenda eta Euskal Herriko errealitatearen arteko lotura eginez. Azkenik, ikasleek, GARABIDE Elkartearekin elkarlanean, hizkuntza aniztasunari buruzko hitzaldia antolatu genuen. Hitzaldiko gonbidatuak Tuĩ Huĩ Kuĩ (ama hizkuntza Hatxa Kuĩ-a duen Amazonia brasildarreko Huni Kuĩ herri indigenaren ordezkaria) eta Cristina Escue (ama hizkuntza Nasa Yuwe-a duen Kolonbiako Cauca eskualdeko Nasa herri indigenaren ordezkaria) izan ziren, eta beraien ama hizkuntzaren egoera plazaratu zuten: komunitate hauetan portugesak eta gaztelaniak herrian, eskolan, etab. sortzen duen presioaren ondorioz, beraien hizkuntza eta kultura arriskuan daude. Horregatik ari dira haien komunitateetan ama hizkuntzaren indarra berreskuratze eta bultzatzeko lanetan. Hizkuntzek egoera zail honi aurre egiteko beharra ikusita, Nazio Batuen Erakundearen biltzar orokorrak 2019. urtea Hizkuntza Indigenen urtea izendatu du. Denok ditugu kontraesanak!


Tuĩ Huĩ Kuĩ Brasilgo ekintzailea (Argazkia Rebeca de la Fuente)
 

Hizkuntza gutxituen egoera ikusita, hauen biziberritzea geroz eta garrantzitsuagoa dela agerian geratzen da. Euskal Herrian, euskarak herri oso baten identitatea eta kultura bermatzen duen modura, berdin gertatzen da munduan zeharreko beste hizkuntza eta kulturekin ere. Esan bezala, zaila izango da hizkuntza hauen indarra gizartean mantentzea, izan ere, hizkuntza “handiek” nagusitasuna bereganatzen dute. Hala ere, denon esku dago hizkuntza gutxitu horien alde jotzea eta sustatzea. Horretarako hizkuntza aniztasunak iraunkortasunean eta garapenean duen garrantzia plazaratu eta aldarrikatu behar da, eta guztiz beharrezkoa da hizkuntza aniztasuna Garapen Iraunkorreko Helburuen proposamenean txertatzea.