argia.eus
INPRIMATU
“Garana agertu beha June”, Arratiako noka berpiztu gurean
  • Joan den urteko abenduaren 12an Igorreko Axular kultur elkarteak noka ikastaroa antolatu zuen, tratamendua Arratia bailarako (Bizkaia) gazteen artean ezagutarazteko eta zabaltzeko. Guztira hamabost bat lagun elkartu ginen, adin desberdinetakoak (19-50) bailarako bazter desberdinetatik etorritakoak, edota beste eskualde batzuetatik animatu zirenak (Durango-Galdakao).

Karlos Aretxabaleta 2020ko urtarrilaren 13a

Etorritakoen artean hikaren ezagutza maila desberdinak zeuden: batzuk umetatik etxeko nagusiei entzundakoak, beste batzuk, ozta-ozta, noka zer den jakin gabe etorri ziren, edota gizonezkoen hika menperatzen zutenak, baina ez andrazkoen tratamendua.

Ikastaroa nahiko xumea izan bazen ere, aldez aurretik ezarritako helburuei erantzun ziola esan genezake. Lehendabiziko helburua noka tratamendua berreskuratzen eta berpizten hastea zen. Horretarako, dinamika desberdinen bidez, hika gazteen ahotan eta belarrietan jartzea erabaki genuen; alegia, neska-mutilen artean praktikara ekarri noka zein toka, egunerokotasunean esparru desberdinetan erabili ahal izateko. Kasurako, kuadrillan, parranda, whasapean, tabernetan, unibertsitatean, familian… eta abar.

Lehenengo dinamika galdera-erantzun bidez antolatu genuen. Parte hartzaile bakoitzari kolore desberdinetako hiruna fitxa eman genizkion; berdez galderak, eta urdinez erantzunak. Poltsa batetik ausaz ateratako zenbakien bidez parte hartzaileen arteko elkarreragina bilatu genuen, eta galdera-erantzunak botatzen zizkieten elkarri. Gorago aipatutako fitxak, logikoki, hitanoz idatzita zeuden, gure “ikasleek” ohiko aditzak ezagutzeko, eta hartzailearen arabera haiek aukeratu behar zuten toka edo noka erabiltzea. Bide batez, zalantza ugari argitu genituen, eta hainbat truko eman ere, egunerokotasunean erabiltzen diren aditzetatik abiatuta “hikako aditzak” barneratu ahal izateko.

Lehenengo dinamikaren tenporalizazioa ez zen izan aproposena, beharbada, lehenengo jolasean denbora nahikotxo galdu genuelako. Hala ere, parte-hartzea erabatekoa izan zen, eta zalantza ugari argitzeko parada izan genuen

Lehenengo dinamikaren tenporalizazioa ez zen izan aproposena, beharbada, lehenengo jolasean denbora nahikotxo galdu genuelako. Hala ere, parte-hartzea erabatekoa izan zen, eta zalantza ugari argitzeko parada izan genuen. Bigarren dinamika, ordea, askoz “erosoagoa” begitandu zitzaien parte-hartzaileei. Galdera-erantzun askeak egitea proposatu genien, hain zuzen.

Lehenengo eta behin, txuleta txiki bat banatu genuen ikasleen artean, egunerokotasunean gehien erabil litezkeen aditzekin -asko esatea bada ere-, eta esaldi gutxi batzuekin. Irakurtzeko minutu bat eman ostean, plastikozko pilota bat atera eta, berriro ere, elkar eraginari ekin genion. Denon artean gai bat adostu genuen, eta jarraian, ausaz, pilota jaurti behar zitzaion beste pertsona bati esaldi batekin batera. Esango nuke, dinamika honek harrera hobea izan zuela aurrekoak baino, baina, harrezkero denbora aldetik eskaz genbiltzan. Tamalez, ez genuen izan hirugarren dinamika burutzeko astirik. Zita azkarrak izeneko formatua erabili nahi genuen; hau da, minutu bateko solasaldi laburrak, edozein gairi buruz, parte-hartzaileen artean.

Gauzak horrela, laster batean, tankera honetako elkarretaratzea antolatu nahiko genuke, ahal dela, lehenengo ikastarotxo honetan ikasitakoa praktikan jartzeko, lagunen artean praktika hori bermatzeko, eta egunean-egunean hika bera menperatzen ikasteko.

Gure uste apalean, Arratiako gazteok noka berpizten hasteko aukera ezin hobea dugu. Arratia mailan noka erabiltzearen aldeko talde egonkorra eta “militantea” sortzeko aukerarik balego, nola parrandan, hala Hika Lagun izaerako ekimenen bidez, bailarak aberastasunean eta berdintasunean asko irabaziko lukeela uste dugu. Arratian esaten den moduan “Garana agertu beha june”, eta geu, behintzat, horretan ari gara, gurea erakutsi gurean!