Joseba Elosegi gudaria zenaren omenez Donostiako EAk antolatutako ekitaldian, Carlos Garaikoetxea lehendakariak EH Bilduk koalizio gisa jarraitzearen alde egin du, alderdiko sektore kritikoarekin bat eginez.
Kurtso politikoaren hasieran egin ditu adierazpenak Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, EAko militante kritikoen aurrean. EH Bilduk koalizio gisa jarraitu behar duela defenditu du EAko lehendakari ohiak, EA alderdi sozialdemokrata dela eta ezingo litzatekeela integratu ideologia marxista duen alderdi batean, aipatu gabe ere Sortu-ri erreferentzia eginez.
EAren baitan borroka handia dago EAk EH Bildun izan behar duen funtzioaz eta honen nolakotasunaz, eta egungo zuzendaritzarekiko sektore kritiko zabala dago salatuz zuzendaritzak ezerezera eramango duela EA, alderdia EH Bildun integratuta. Hori dela eta, ezohiko kongresua eskatzen ari da aspaldi alderdiak gai giltzarri horren inguruan erabaki dezan. Ez hori bakarrik, kritikoen ustez, egungo EAko zuzendaritza zalantzaz beteriko prozedurekin hautatu zuten eta berritu beharko litzateke zuzendaritza hautatzeko prozesua.
Igandeko ekitaldian Joseba Elosegi 36ko Gerrako gudaria eta EAko senataria izandakoa omendu zuten. Aurten bete dira 50 urte Elosegik bere buruari su eman eta Franco diktadorearen aurrean bota zela Donostiako Anoetako pilotalekuan.
Joseba Elosegi begiratokia
[Irutxuloko Hitzaren informazioa] Joseba Elosegi borrokalari abertzale antifaxistaren omenezko ekitaldia egin dute igande honetan bere izena duen begiratokian Donostiako Eusko Alkartasunako kideek. Omenaldi “xumea” izan da, eta bere ondorengoak eta EAko militante historikoak San Bartolome muinoko begiratokian izan dira. Hitzaldia eta lore eskaintza egin dituzte EAkoek.
“Sentimendu handikoa” izan da omenaldia, Jabier Estebanez EAko kidearen ustez: “Joseba Elosegi erreferentea da edozein abertzalerentzat, eta bere figura oso estimatua da gure afiliazioagatik. Oraindik ere jende askok gogoratzen ditu Amarako Alkartetxean izaten zituen hitzartzeak. Esan genezake Joseba Elosegi, Eusko Alkartasunako militantea izateaz gain, erreferentea dela gure erakundearentzat”.
“Asko dugu ikasteko” Joseba Elosegik egindakotik, Estebanezen ustetan: “Joseba Elosegik, bere ekintza eta konpromiso militantearekin, itxaropena eta batasuna bultzatu zituen gure askatasunen aldeko borrokan, diktadura frankistaren eta faxismoaren aurka borrokatu zuen. Eduki zuen konpromisoa miresteko modukoa da”.
San Bartolomeko muinoan eraikitako begiratokiari Joseba Elosegi izena jarri diote, eta positiboki baloratu du Estebanezek: “Polita izan zen sentsibilitate politiko ezberdinetako bozeramaileak Joseba Elosegiren lana goraipatzen ikustea, eta are politagoa aukeratutako lekua. Handik ikusten da Artzain Ona, 1946ko uztailaren 18an ikurrina jarri zuen tokia eta Urbieta kaleko bere etxea”.
Hala ere, “omenaldirik onena bere irudia ezagutzea da”, Estebanezen arabera. Horretarako, Elosegik idatzitako liburua irakurri daiteke: Quiero morir por algo.