argia.eus
INPRIMATU
‘Gara’-k 3 milioitik gora ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzari, Garzonek ezarritako zor bidegabearen erruz
  • Gara egunkariak bizi duen egoeraren berri eman du asteazken honetan. Egunkariak zor bidegabe bati aurre egin behar izan dio azken 15 urteetan, Egin-ek Gizarte Segurantzan ordaintzeko zeukana agindu judizial baten bidez egunkari berriari ezarri ostean. Orain, aurreakordio batera iritsi dira, zor hori kitatzeko.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 30a
Baltasar Garzónek ezarritako zor bidegabe baten erruz, Gara egunkariak ordainketa handiak egin beharko ditu Gizarte Segurantzan.

Asteazken eguerdian prentsaren aurrean egindako agerraldian gogora ekarri dute 20 urte bete direla Gara egunkaria sortu zenetik, baita duela 15 urtetik ordainketak etenda daudela ere, Iñaki Sotok esplikatu duenez.

Baltasar Garzon epaileak 2003an hartu zuen erabaki bat dago egoera horren iturburuan: Gara-ri Egin-en “ondorengotza ideologikoa” leporatuta, itxitako egunkariak Gizarte Segurantzarekin zeukan zorra gainera bota zieten: 4,7 milioi.

Asteazken honetan Iñaki Soto egunkariko zuzendariak jakinarazi duenez, aurreakordio batera iritsi dira Gizarte Segurantzarekin zor hori kitatzeko. “Erresistentzia aro bati amaiera ematen diogu”, azaldu du.

Baina akordioak kinka larrian jarriko du Gara. Sotok azaldu duenez, datozen urteetan sei hilero ordainketa handiak egin beharko dituzte, aldiro milioi erdikoak. Prozesua amaitzen denean, hiru milioi baino gehiago ordainduak izan beharko ditu proiektuak. “Gure langile guztien urteko soldata baino gehiago ordaindu beharko dugu modu bidegabe batean”, Sotok azaldu duenez.

“Konfiantza daukagu gure buruan, uste dugu lortu dezakegula”, adierazi du hala ere Sotok. Baina erakunde publikoei, eragileei eta herritarrei dei egin die. “Hau ez da gure arazo partikular bat”, Sotok nabarmendu duenez.

Horrekin lotuta, solaskidetza garai bat hasiko dute instituzio eta gizarte-eragileekin. Gainera, kolpe honi nola aurre egingo dioten erabakitzeko barne-gogoetan ari direla ere azaldu du. "Gure fundazioaz geroztik ez dugu laguntza ekonomiko gehiago eskatu. Orain mekanismoak jarriko ditugu bebes eraginkor bat bideratzeko eta eraso honen aurrean elkartasuna artikulatzeko".