argia.eus
INPRIMATU
Ganbarako lana egin beharko dute Bertsolari Txapelketa Nagusian, kartzelakoaren partez
  • Bertsozale Elkarteak erabaki du izena aldatzea 60 urteren ondoren. Halere, ariketa berbera izango da: bertsolari guztiei gai bera eman eta bakarka kantatzea, besteak entzun gabe.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 12a
Nerea Ibarzabal 2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. / Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Antolatzaile Taldeko bileran hasi ziren Kartzelako lanaren jatorriari buruz hitz egiten, eta zenbait proposamen bildu ondoren, Bertsogintza Taldean adostu dute Ganbarako lana izen egokiagoa dela bakarkako ariketa horrentzat. Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak azaldu ditu arrazoiak bertsoa.eus-en: “Ganbarak goxotasuna, isiltasuna, aurre-lana… iradokitzen ditu. Etxean dagoen gela bat da, baina aldi berean aparte. Garuna edo logelari ere deitzen zaio ganbara. Garai bateko baserri lanetan, ganbaran edo ganerrean artoa aletu bitartean bertsotan egiten zen bertan eta zenbait bertsolariren entrenamendu edo lan-leku ere bada. Oroitzapen politekin lotu izan da normalean”.

Dena dela, jakinarazi dute ariketaren funtsa ez dela aldatuko; soilik “ariketaren izena eta izana elkarrengandik gertuago egote aldera” adostu dute izen berria. Kartzelako lana ariketaren jatorria 1960ko txapelketan dagoela azaldu du Iurramendik: Fernando Artola Bordari gai-jartzaile zen, eta proposatu zuen bertsolariak banaka ateratzea kantatzera, denek gai berari buruz kantatu behar zutenez, pentsatzeko denboran desorekarik egon ez zedin. Halaxe egiten da ordutik.

Zehaztu dutenez, irailaren 24an hasiko den Txapelketa Nagusian erabiliko dute lehen aldiz Ganbarako lana izena, eta aurrerantzean herrialde bakoitzaren esku egongo da zein izen erabili txapelketa eta bertso saioetan. Iurramendik jakinarazi du “harrera ona” izan duela proposamenak, baina pixkanaka aldatu beharko dela: “Ohiturak aldatzea ez da erraza eta denbora utzi beharko zaio”.