argia.eus
INPRIMATU
Gamonal haserre zegoen 2005etik
Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 15a
Ia hamar urteko protesta isilarekin daramate Gamonaleko herritarrek, azken egunetan denak batuta kalera atera diren arte.

2005ean, Gamonoleko herritarrak PPko Udalak eraiki nahi zuen lurrazpiko aparkaleku baten kontra altxa ziren. 15 manifestazio eta 10.500 sinaduraren ostean, proiektua bertan behera uztea lortu zuten auzokideek. Mobilizazio jendetsuak izan ziren eta 9 atxilotu utzi zituzten orduko protestek.

2011ko udan, Burgosko Udalak Gamonal auzoa "hobetzeko" proiektua aurkeztu zuen, eta bulebarra eraikitzeko asmoa jarri zuen mahai gainean. Bizilagunek egitasmo horren berri izan zutenetik kontrako jarrera erakutsi dute. Besteak beste, Bulebarrik ez orain plataforma sortu zen eta hainbat ekimen baketsu egin dituzte proiektua geldiarazteko.

Duela bi urte Gamonaleko bizilagunak proiektuaren aurka azaldu ziren herri-galdeketa baten bidez. Auzokideen nahiaren kontra egitasmoak aurrera jarraitu du.

Iragan ostiralean, 2014ko urtarrilaren 10a, pertsona talde batek obrak geldiarazteko saiakera egin zuen giza-kate bat eginez. Poliziek joka erantzun zuten eta berehala sakabanatu zituzten; eta makinek haien lana hasi zuten. Hurrengo egunean 200 pertsona atera ziren kalera makinen aurrera eta ordutik adin guztietako jendea batu da protestetan, adinekoak, helduak, gazteak eta baita haurrak ere.

Protestek bost eguneko istilu larriak utzi dituzte auzotarren eta poliziaren artean. Egunetik egunera errepresioa handitzen joan da, eta guztira 46 atxilotu eta hainbat zauritu utzi dituzte egunotako liskarrek.

 

 

Sua piztu duen txinparta

90.000 biztanleko langile auzoa da Gamonal,  azken urte gutxietan bertako industriaren %40a itxi da; eta langabezia datuak izugarri altuak dira. Jendearen haserrea areagotzen ari zen aspalditik eta bulebarraren proiektuak sua piztu du.

Oparoaldian jendeak azpiegitura handien proiektuaren aurrean beste aldera begiratu ohi du. Baina murrizketak jendarteko sektore guztietara iristen direnean jendea altxatzen hasten da.

Horren harira, Guillermo Zapata idazleak Eldiario.es atarian argitaratutako artikuluan Gamonaleko herritarrek erakutsi duten jarrera zoriontzen du. Eta honakoa galderak planteatzen ditu : “zenbat barrikada jar genitzakeen Madrilgo M30ean edo Castellóko aereportuan?  Edo Costa del Solen?”

Proiektuaren gardentasuna zalantzan

Antonio Miguel Mendez Pozo Burgosko enpresari ezagunari esleitu zioten bulebarraren proiektua. 1992an zazpi urteko kartzela zigorra eskatu zuten Mendezentzat irregulartasun urbanistikoak egotzita. Horretaz gain, enpresariak Burgosko alkatearekin duen harreman estuak herritarrak haserretu ditu.

Isiltasun mediatikoa eta manipulazioa

Hedabide nagusien manipulazioa salatu dute bizilagunek. Bereziki bertako Diario de Burgos egunkariak erakutsi duen jarrera jarri dute ezbaian. Auzokideek eguneroko manifestazioetan kazetaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egiten zuten egunkariak proiektuaren alde agertutako posizioagatik. Mendez Pozo enpresaria da hain zuzen Diario de Burgosen jabea. 

Haien protesta sare sozialei esker zabaldu dela gogorarazi dute. Bertako medioengatik balitz inork ez lukeela haien eskaeraren berri izanen.

Bestalde, kritikatu dute ia hamar urte daramatzatela borrokan eta kaleko istiluak hasi diren artean inork ez diela ahotsik eman.

 

Astakeria eta hanka-sartzeak ere utzi ditu Gamonalko aferak. Ana Botella Madrilgo alkateak esaterako, Burgosko "atentatuak" kondenatzen dituela esan du.

 

Informazio gehiago: Twitterren #GamonalResiste eta #Gamonalenlucha etiketen bidez jarrai daiteke Burgosen gertatzen ari dena.