argia.eus
INPRIMATU
Gamonal: borroka baten urteurrena
  • Duela urtebete Burgoseko Gamonal auzoko bizilagunek bulebar bat egiteko proiektu urbanistikoa geratzea lortu zuten protesta ikusgarrien bidez. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 13a
Gamonal auzoko protestak. (Argazkia: www.ondaexpansiva.net)

Gamonal Asanbladak eta CSR zentro sozialak egitarau zabala antolatu dute “auzo borrokaren” urteurrena ospatu eta liskarren harira auzipetutako bizilagunei babesa adierazteko. Asanbladako kide bat elkarrizketatu du Onda Expansiva irrati libreak.

Hamar egun inguru iraungo du urteurrenaren ospakizunak, kalean “borrokan” pasa zituzten egun kopuru bera. Gamonaleko asanbladako kideak azaldu duenez, borrokaren errepresentazio bat izatea nahi dute.

Ekintza nagusienen artean kontzertuak eta manifestazioak daude. Kontzertu gehienak auzoko eta inguruko jendeak eskainiko ditu eta bertan batutako dirua auzipetutako 50 pertsona ingururi laguntzeko erabiliko da.

Manifestazioak bi larunbatetan egingo dituzte. Lehenengoa auzipetuen aldekoa izango da eta Gamonal auzoan egingo dute. Bigarrena berriz, jendetsuagoa izatea espero dute eta Gamonaletik hasi eta Espainiako delegazioaren atariraino iritsiko da.

“Azken manifestazioa oihartzun handiagoa izateko pentsatua dago eta kanpotik elkartasuna adieraztera etorri nahi duen oro dago gonbidatua”, esan du.

Zezen plaza

Burgosen bigarren proiektu urbanistiko handi bat jarri zen abian urte berean. Proiektuaren asmoa Zezen plaza birmoldatzea eta “erabilera anitzeko toki” bihurtzea zen.

Egitasmoaren aurkako protestek aldiz, ez zuten hainbesteko oihartzunik izan eta proiektuak aurrera jarraitu zuen.

Gamonal Asanbladako kideak uste du ez zutela herritarrengana iristen jakin, eta hori izan zitekeela hainbesteko arrakasta ez izatearen arrazoia.

Auzoa zutik

“Auzo borrokarekin lortu genuen proiektu urbanistikoa geratzea, garaipen txiki bat izan zen baino asko dugu lortzeko”, azaldu du asanbladako kideak.

Gamonaleko istiluek auzoan pentsatzeko modu berri bat sortu dutela uste du. “Gauzak ez dira goizetik gauera aldatzen, pixkanaka joan gara auzo borroka oinarri hartuta herri hobea sortzen”, esan du.

Gamonalek erabakiak auzo moduan hartu nahi dituela ere adierazi du: “Auzo gisa identifikatzen gara, elkar gehiago ezagutzen dugulako”.