argia.eus
INPRIMATU
Gamonal berriz haserre, alkatearen azken “obra faraonikoaren” kontra
  • Burgosko Gamonal auzoko batzarrak hiriko zezen plazaren birmoldaketaren kontrako protesta deitu du. Asanblada egingo dute ostiralean eguerdiko 12:30ean Burgosko Plaza Nagusian eta Udalaren osoko bilkuran parte hartuko dute obraren kontra zergatik egiten duten azaltzeko.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 09a
Urtarrilaren 14ko protestak Gamonaleko bulebarraren proiektuaren kontra

Zezen plaza birmoldatzeko eta “erabilera anitzeko toki” bihurtzeko obrak sei milioi euroko kostua izango du. Burgosko Udalak (PP) obra egiteko baimena esleitu dio Miguel Méndez Pozo eraikitzailea kide den aldi baterako enpresa-elkarte bati. Mendez Pozok urtarrilean istiluak eragin zituen Gamonaleko bulebarraren proiektuan ere hartu zuen parte.

“Obra honek ez du zentzurik. Beste premia batzuk daude”, azaldu du Manolo Alonso Gamonaleko batzarreko kideak. Beraien ustez, “arrazoi nahikoak” dituzte mobilizatzeko: “Ikusi nahi dugu jendearen erantzuna eta ea noraino iritsi gaitezkeen ”.

Oposizioa ere obraren kontra

Burgosko PSOE eta IU obraren eta honen esleipenaren kontra agertu dira. Bi alderdien ustez, zezen plaza birmoldatzea ez da beharrezkoa eta obra “faraonikotzat” jo dute: “Adjudikazioa objektiboki justifikatzea zaila da”, adierazi du Esther Peñalba PSOEko zinegotziak.

Javier Lacalle Burgosko alkateak “ez du ezer ikasi”, Luis Tudanca PSOEko diputatuaren ustez. “Gamonaleko istiluetatik hilabete gutxira akats berbera errepikatzen ari da: proiektu, pertsona, eta testuinguru berdinak”, kritikatu du Tudancak.

Raul Salinero IUko zinegotziak proiektua “lardaskeriatzat” jo du. “Legedi ustela erabili dute obraren esleipena pertsona ustel bati emateko”, salatu du. “Gamonalekin Lacallek ez zion inori entzun nahi izan eta bera da egoera honen alde zerbait egin dezakeena”, gehitu du Salinerok.