argia.eus
INPRIMATU
Gamesako lanpostuen aldeko manifestaziora joateko deia egin dute Agoitzaldeko alkate eta eragileek
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko uztailaren 09a
Dozenaka auto Iruñea gurutzatu zuten asteazkenean, Gamesa ez ixtea aldarrikatzeko (arg: Foku / Iñigo Ruiz)

Agoitzeko Siemens Gamesako enpresa batzordea asteazkenean bildu zen zuzendaritzarekin eta lantegiaren itxieraren guztiz kontra daudela adierazi zieten langileen ordezkariek enpresako arduradunei, "guztiz lehiakorra eta produktiboa" delako.

ELA, LAB, UGT, CCOOk dute ordezkaritza enpresa batzordean eta denak bat datoz "deslokalizazio kasu garbi baten aurrean" gaudela esatean. Zehazki, susmoa dute produkzioa Portugalera eta Marokora eraman nahi duela enpresak, soldata naxuagoak izanik errentagarriagoa zaielako hegazkinen palak herrialde haietan egitea.

Enplegu Erregulazio Espedientea ezartzeko lehen bilera izan da uztailaren 8koa, baina langileek hasieratik erakutsi nahi izan dute ez daudela prest kalegorrian geratzeko, eta lanuzteaz gain mobilizazioekin hasiak dira. Hala, asteazkenean bertan dozenaka autoz osaturiko karabana osatu zuten lantegia dagoen poligonotik Iruñeraino, eta pankartak eta enpleguaren aldeko kartelak edonon ikus daitezke jadanik.

239 lanpostu daude jokoan, baina hori bakarrik ez, eskualdeko motor ekonomikoa den Agoitzeko lantegi handienetako bat desagertu daiteke; horrek, despopulazioaren bidea aspaldi hasi zuen Pirinioaurreari kolpe itzela eragingo lioke.

Larritasuna hainbestekoa da, ezen Agoitzaldeko alkate eta eragile ugarik prentsaurreko bateratua egin dute ostegun goizean, "deslokalizazio hutsa" dena salatu eta uztailaren 11n, larunbatarekin, Iruñean egingo den manifestaziora joateko deituz herritarrak, bai eskualdekoak nola Nafarroako beste tokietakoak. Hain justu, elkartasuna eta kezka adierazteko mezuak lurraldeko beste toki batzuetatik ere iristen ari dira; esaterako, Lizarrako Udalak adierazpena onartu du, "harridura" adieraziz Siemens-Gamesak erabakia "zein erraz" hartu duen.

Agoitzaldeko alkateek foru gobernuari irtenbide bat ere eskatu diote osteguneko agerraldian, eta gogorarazi dute administrazioak 9 milioi euro jarri zituela lantegian diru-laguntzetan eta onura fiskalen bidez: "Euren betebeharra da esku-hartu eta egoerari buelta ematea", adierazi du Angel Unzue Agoitzeko alkateak.

Enpresa batzordeak uztailaren 16an egingo du hurrengo bilera zuzendaritzarekin, asteburuko manifestazioak emandako indarra oso garrantzitsua izango dute mahai horretan esertzeko orduan.