394 langile kaleratzeko espedientea ireki dutela iragarri du Gamesa enpresako zuzendaritzak. Espediente honek Albaceteko, As Somozaseko (Galiza) eta Tuterako lantegien itxiera ekarriko du, sindikatuei iragarri dienez. Guztira, langileen %6a kaleratzea aurreikusten dute; Tuteran 71.
Lantegi horien itxiera azaltzeko, produkzio eta antolaketa argudioak eman ditu aerosorgailu ekoizle bizkaitarrak, baita arazo teknikoak ere. Errotetarako palen produkziorako eskariaren murrizketak hiru lantegiak “gogor” kolpatu dituela azaldu du. Prozesua “gogorra baina ezinbestekoa da konpainiaren lehiakortasuna bermatzeko”, esan du zuzendaritzak.
Sindikatuekin akordioren bat egiteko aukera zabaldu du: Tuterako langile batzuei Aoizen duten beste lantegi batean sartzeko aukera emango zaiela ziurtatu du.
Iaz ere, espedientea
Gamesak iaz ere 480 langileren kaleratzea aurreikusten zuen espediente bat jarri zuen. Negoziaketen ostean, 324 langile kaleratu eta 156 langile mantendu zituzten. Bulegoetako postuak izan ziren batik bat kaltetuak.
2013ko lehenengo hiruhilabetean 7 milioi euroko irabaziak izan ditu konpainia bizkaitarrak.