argia.eus
INPRIMATU
Gamazadako sei biktimei omenaldia egingo diete igandean Donostian
  • Abuztuaren 27an Gernikako Arbola kantatuko dute Donostiako Boulebarrean Gamazada Donostian Herri Ekimenak aurkeztutako omenaldian, “Kantu bat askatasunari” lelopean.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 24a
Bulebarrean Gamazada Donostian Herri Ekimenak prentsaurrekoa egin ondoren. Argazkia: Joseba Parron San Sebastian.

Foruen defentsako testuinguruan duela 130 urte egin ziren matxinadetan egon ziren sei biktimen omenaldia egingo dute Donostiako Bulebarrean, Gamazada Donostian Herri Ekimenak antolatuta. Aurkezpena egin dutenen artean EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabal eta Iñaki Egaña historialaria izan dira. Jose Maria Iparragirreren Gernikako Arbola kantatuko dute Bulebarrean 12:00etan.

Egañaren hitzetan, 1893. urtean Sagastaren Alderdi Liberalaren Ogasun Ministro Germán Gamazok foruen erregimen fiskalarekin amaitu nahi izan zuen, eta hainbat errebolta egin ziren Euskal Herriko hainbat tokitan. Donostiako Aste Nagusian, udalaren musika bandari Gernikako Arbola jotzea eskatu zioten, baina zuzendariak ez zuen onartu, Espainiako Gobernuaren presidente Praxedes Mateo Sagasta hirian zegoelako: “Bere presentzian himno euskaldun bat interpretatzea ez da egokia”, adierazi zuen.

Gertakari horren ondoren, pertsona talde bat Sagastaren hotelera gerturatu zen, harriak bota zituzten fatxadara eta kristalak apurtu zituzten. Guardia Zibilek tiro egin zuten eta sei pertsona hil zituzten. Hildakoez gain, 30 pertsona larri zaurituak izan ziren eta beste asko zaurituta etxeratu ziren, horrela atxiloketa saihestuta. 60 pertsona Ondarretako kartzelara eraman zituzten. Egañaren esanetan, “udalak sei biktimak errekonozitzeko udalbatza bat egin beharko luke”.