argia.eus
INPRIMATU
Ismael Zubieta Arrieta
“Galtzeko arriskuan dagoen arraza da sasi ardia, ez da erraza lortzea”
  • Arabako Hermua herrikoa da Ismael Zubia Arrieta artzaina. Baserrian jaioa, txikitatik izan du lehen sektorearekin harreman estua: “Aita gaztetan Ameriketan aritu zen artzain, eta handik bueltan erosi zituen baserria eta lurrak”. Zubia txikia zenean ekarri zituen aitak lehenbizikoz sasi ardiak etxera, Goizueta aldetik. Gaztetan, elektromekanika ikasketak egin zituen eta eolikoetako mantenimendu lanetan jardun zuen urte askoan, baina beti mantendu zituen ardiak, arrebarekin batera. Duela sei urte, ordea, kanpoko lana etxekoarekin eta bizitza pertsonalarekin uztartzeko zailtasunak medio, ordu arteko lana uztea eta artzai egitea erabaki zuen.

Garazi Zabaleta 2023ko martxoaren 06a
Ismael Zubieta sasi ardiekin:“Hau ez da esnetarako arraza ona, axuritarako erabiltzen da”, azaldu du Zubiak. Argazkia: Arabako Alea.

Maneju holistikoaren inguruko zenbait ikastaro jaso zituen gazte arabarrak, eta pixkanaka buru kopurua handitzen joan zen. “Egia da sasi ardi arrazako ardiak lortzea ez dela erraza, ez baitago asko”, azaldu du. Mendiko arraza da sasi ardia, sasi artean asko ibiltzen dena –hortik izena–, eta artalde handietan baino, bakarka edo talde txikitan gehiago mugitzen dena. Morfologia aldetik, tamaina nahiko txikia du, kolore gorrixkagoa eta latxak baino artile gutxiago. “Hau ez da esnetarako arraza ona, axuritarako erabiltzen da”, azaldu du Zubiak.

Maiatzetik urtarrilera mendian izaten ditu ardiak, librean. Udaberri garaian beheko lursailetara jaisten dituenean, berriz, errotaziodun artzaintza egiten du: larreak hari elektrikoarekin zati txikitan banatu, eta egunero edo bi egunetik behin zatiz aldatzen ditu. “Modu horretan, ez dute belarra aukeratzen, ona eta txarra, dena jaten dute, zatia garbi utziz. Lurrarentzat ere hobea da: landareen aniztasuna hobetzen da, lurrak ongarritzen dira eta karbonoa ematen zaie”. Ardientzat ere onuragarria da, izan ere, etengabeko mugimenduan ari diren horretan, ez dira kaka egiten duten tokian luzaz egoten, eta parasitatzeko aukera mugatzen da. “Azkenean, natura imitatzeko era bat da, lehen harrapakariek mugiarazten zituzten taldeak”, Zubiaren hitzetan.

Arrazaren biziraupena helburu

Galtzeko arriskuan dagoen arraza da sasi ardia, eta kontserbazio programa batean parte hartzen du Zubiak. Horretarako, ardiak genealogia-liburu batean jasotzen dira. “Odol analisiak egiten zaizkie eta kalifikatzaile bat etortzen da urtean behin, gurasoak arraza horretakoak dituen egiaztatzeko”. Baldintzak betetzen badituzte, liburu horretan sartzen dira ardiak, eta horietako batzuk bizirik uzten ditu artzainak, arraza horretako ardiak nahi dituztenei saltzeko. “Esaterako, Nafarroako gazte bat nire antzeko proiektua abiatzen ari da orain, eta hark ardi dezente eraman dizkit”, zehaztu du.

Axurien salmentari dagokionez, zuzeneko bidea bakarrik darabil Zubiak, eta eskaera bidez funtzionatzen du: hurbileko herrietako eta Gasteizko bezeroek axuri ekologikoen eskaerak aurrez egiten dizkiote, eta artzainak hainbat txandatan Oñatiko hiltegira eramaten ditu. Banaketa ere bere esku du: “Manejua, erreserbak, hiltegira eramatea, banaketa… dena egiten dut neronek”.