Enrike Gisasola eta Aizpea Izagirre Eibarko Sosola baserriko kideak dira, eta urteak daramatzate Biolur elkarteko okin-baserritarrekin batera ogiaren munduan murgilduta: “1960-70eko hamarkadan hemen sortu zen okin-baserritarren eskolakoak gara, Europatik zetorren egiteko modu berri bat jarraitzen dugu. Baserriko ogia egiten dugu, errota etxean bertan izanda, fermentazio luzeen bidez, barietate zaharrak erabiliz eta garia ahalik eta gertuen ekoitziz…”, azaldu du Gisasolak. Euskal Herriko garia darabilte aspalditik, haiek ere ekoizten dute, eta duela hiru bat urte, beste pauso garrantzitsu bat eman zuten: Madrilgo hazi banku batetik bertako barietate zaharrak eskuratu eta ugaltzen hasi ziren. Ekoizpen dezentea dute honezkero, eta ekainean, Sosolako galsorora bisitak antolatu dituzte, proiektuari bultzada ekonomikoa emateko helburuarekin.
Gurean kontserbatzen ez zen baina Madrilgo hazi bankuan mantentzen zituzten Gipuzkoako eta Bizkaiko zazpi gari-barietateren eskukada txiki bat lortu zuten duela hiru urte, 200 gramo inguru. “Gari kilo batek hamar ematen ditu, eta horrela hasi ginen”, dio. Lehen urtean 200 gramotik bi kilo gari lortu zituzten, eta iaz, berriz, bi kilotatik 20 bat. “Aurten, esperantza da 20 horietatik 200 bat kilo lortzea, eta horrekin posible izanen dugu lehen ogi-probak egitea, barietateen portaera ezagutzeko”. Gipuzkoa 1, Gipuzkoa 2, Bergara goiztiarra, Motxo Gipuzkoa, Motxo belloso —edo Motxo ilaunduna,— eta Martzela izan dira ugaltzea lortu duten bertako sei barietateak. Zazpigarrena, galdu egin zuten lehen urtean.
Nekazariek espero bezala atera dira gauzak prozesuan, hiru urtetan esperotako ekoizpenera iritsi baitira, bidean barietate bat galdu arren. “Gari barietate hauek oso garaiak dira. Zergatik? Seguraski hezetasunaren aurrean, lurretik ahalik eta distantzia handiena edukitzeko izanen da”, azaldu du nekazariak. Sosolan bertan eta Errezilgo Solaka eta Irure Txiki baserrietan ari dira barietateen biderketa egiten. Gisasolak azpimarratu duenez, lur falta da momentu honetan proiektuaren zailtasun handiena. “Urte hauetan nahikoa lur izan dugu biderketarako, baina orain, ekoizpenerako, gehiago behar genuke. Norbaitek proiektua babestu nahi balu, lurrak errentan-edo hartzeko prest geundeke, bereziki Urola aldean”, gehitu du.
Ekaineko lau asteburuetan eginen dituzte bisitak Sosolako gari soroetan, 15 pertsonako taldeetan. “Soloan gari guztietatik pasa, ikusi eta bakoitza bereizten dugu. Hemen duguna erakusten dugu eta bisitariekin informazioa konpartitzen”, dio. Ondoren, baserrian hamaiketako goxoa prestatzen diete bisitariei; guztia, hamar euro ingururen truk. “Guk ez dugu finantziazio publikorik, hau gure ekimen propioa da, eta bisitetako diru horrekin uzta biltzeko kolektiboki erosi genuen makina ordaintzea da asmoa”, dio. Bisita batean parte hartu nahi duenak (0034) 639 04 64 28 zenbakira deituz edo idatziz jar daitezke Sosolako kideekin harremanetan.