argia.eus
INPRIMATU
Galizieraren egoera larriaz ohartarazi dute, azken datuak ikusita
  • Ezagutza eta erabilerak, biek, egin dute atzera Galiziako Estatistika Institutuak jakinarazitako azken datuetan. Galera handiagoa da adin tarte gazteenetan. 5 eta 14 urte artekoen herenak adierazi du galiziera gutxi edo batere ez dakiela.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2024ko urriaren 15

Galizieraren aldeko eragileak biltzen dituen A Mesa pola Normalización Lingüísticaren presidenteak, Marcos Maceirak, kezka handia erakutsi du inkestaren datuak ezagututakoan. Haren ustez, datuak “galizierak bizi duen muturreko larrialdiaren adierazle dira. Gazteek hizkuntzaz duten ezezagutzak maximo historikoak gainditu ditu”.

El Salto hedabideak datuen laburpena egin du. Galiziera gutxi edo batere ez dakiela diotenen ehunekoak gora egin du adin tarte guztietan. 15 urtetik beherakoen artean gorakada nabariagoa da. Bost urtean %23,9tik %32,44ra pasa da hizkuntza ezagutzen ez dutenen kopurua.

Erabilerak ere, adin tarte guztietan egin du atzera. Galiziako Estatistika Institutua inkesta egiten hasi zenetik (2004tik) lehenengo aldiz, galiziera hiztunen ehunekoa erditik behera jaitsi da. 2018ko inkestan %51,88k adierazi zuen galiziera erabiltzen zuela egunerokoan, eta azken inkestako datua berriz %45,51koa da. Gaztelaniaz baino aritzen ez direnak %29,2 dira eta duela hogei urte %19,56 ziren. %64,9k adierazi du asko ulertzen duela galiziera, gainerakoek erantzun dute nahikoa, gutxi edo batere ez dutela ulertzen.

Etxeko transmisioa eteten ari da

Inkesta honek nabarmen erakusten du belaunaldien arteko aldea: zenbat eta herritar zaharragoak orduan eta ezagutza eta erabilera datu hobeak. Ohikoan galiziera erabiltzen duten hiztun kopuru handiena adin handieneko taldeetan pilatzen da. 65 urtetik gorako pertsonen %67,92k galiziera gaztelania baino gehiago erabiltzen du. Aldiz, 2018an 5 eta 14 urte artekoen %26,12arentzat zen galiziera eguneroko hizkuntza eta 2023an %16,19arentzat. Bost urtean hamar puntuko jaitsiera. Orain dela hogei urte umeen %40k baino gehiagok egiten zuen egunero galizieraz. Ohikoan gaztelaniaz ari direnen zifra %53,67 da, eta duela hogei urte %34,17.

Zein hizkuntzatan erosoago moldatzen diren galdetuta, 65 urtetik gorakoen %46,31k adierazi du hobeto moldatzen dela galizieraz. 5 eta 14 urte artekoei galdetuz gero %6,68k erantzun du erraztasun handiagoa duela galizieraz.

Lehen hizkuntza gaztelania da

5 eta 14 urte artekoen %16,06k erantzun du gurasoek beti galizieraz egiten dietela. 2008an datua %27,88koa zen. Gurasoek beti gaztelaniaz egiten dietenen zifra berriz %36,98tik %47ra pasa da. 65 urtetik gorako biztanleekin alderatzen badugu, 2023ko inkestan %66,12k esan zuen gurasoek galizieraz baino ez dietela egin. 2008an datua %78,85koa zen. Datuek erakusten dute aldaketa soziolinguistiko bat ari dela gertatzen. Galiziera eremu pribatuko hizkuntzatzat hartua zen, eta gaztelania eremu publiko eta sozialerako zen. Gaur egun, belaunaldi berrietan, gaztelania eremu pribatuko hizkuntza gero eta gehiago da.

Ezagutzak behera egin du txikienen artean

2004tik gaur arteko datuak begiratuz gero, ezagutzan eta erabileran aldaketa handienak umetan eta gazteetan gertatu dira. Duela hogei urte 5 eta 14 urte artekoen %56,98k zioen galiziera asko zekiela, eta 2023an datu hori %27,43koa da. Ia herenak esan du gutxi edo batere ez dakiela galiziera. Duela hogei urteko datuaren bikoitza da, eta azken datuetatik 8,54 puntuko igoera.

Hezkuntza eremuan gero eta gehiago dira gaztelania hiztunak, batez ere derrigorrezko hezkuntzan. 17 urtetik beherako ikasleen artean, haien artean beti edo ia beti gaztelaniaz hitz egiten dutenak ehuneko 85,2 dira. Duela hogei urte %61,52koa zen zifra. Galizieraz baino egiten ez dutenak %4,65 dira. Ikasgaiak zein hizkuntzatan jasotzen dituzten ere galdetu zaie gazteei. %29,49k esan du erabat edo ia erabat gaztelaniaz jasotzen dituela, eta galizieraz %13,89k.

Hedabideak ia erabat gaztelaniaz

Irrati, telebista, hedabide eta liburuen erabileraz ere galdetu diete. “Beti gaztelaniaz” edo “galizieraz baino gehiago gaztelaniaz” erantzunek %90 biltzen dute, 16 urtetik beherakoen artean.

El Salto hedabideak Carlos Callónekin hitz egin du inkestaren datuak eskuan. Callón bigarren hezkuntzako irakaslea eta O libro negro da lingua galega (Xerais, 2022) liburuaren egilea da. Bere ustez, “harritzekoa dena da galiziera bizirik egotea eta mantentzea”, Alberto Núñez Feijóo eta Alfonso Rueda PPko politikarien agintaldiak eta gero. Datuak kezkagarriak badira ere, Callónek adierazi du galiziarrek galiziera maite dutela, nahiz eta ez duten hitz egiten. Bere ustez, lotura emozional hori da etorkizunaren oinarria, baldin eta hizkuntza politikak aldatzen badira.

Pertsona migratzaileak jomugan jarri ditu Galiziako Gobernuak

Valentín García Xuntako Hizkuntzaren idazkari nagusiak pertsona migratzaileak jarri ditu jomugan inkestaren datuak ezagututakoan. Haren ustez, 2018 eta 2023 urteen artean Galiziara 115.000 migratzaile heldu dira eta “datu hori oso garrantzitsua da, eta gaztelania hiztunen gorakadan eragin zuzena dauka”. El Salto hedabideak hainbat daturen berri eman du, eta adierazi du estatistika asko daudela azken bost urteetako aldaketa soziolinguistikoen faktore nagusietakoa migrazioa dela ezeztatzen dutenak.