argia.eus
INPRIMATU
Burujabetza aldarrikatu dute milaka lagunek Santiagon, Galiziako Aberri Egunean
  • BNG alderdiak deituta, Galiziako Aberri Egunean egin dute ekitaldia. Igandean, “mugarik gabeko” nazioaren aldeko deia zabaldu dute, “politika berde eta feminista” eraikitzeko asmoz.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 26a
Argazkia: BNG

Galiziako aberri egunean, milaka lagun bildu dira Santiago de Compostelan, herrialdearen subiranotasuna eskatzeko. BNG alderdiak deituta, igandean “mugarik gabeko” nazioren alde martxa egin dute, “etorkizun hobea eraikitzeko” Unha Galiza sen límites lelopean.

Segurtaun neurriak betetzeko, manifestazioaren ondoren ez dute kultur ekitaldirik antolatu. Martxaren amaieran, Ana Pontón BNGko bozeramaileak Quintana plazan jarraitu du hitzaldiarekin. Nazio moduan aurrera egiteko dituzten arazoei erreferentzia egin die, eta PP alderdiaren esku hartzerik eza salatu du. Alberto Núñez Feijoo presidenteak begirada “txikia” duela azaldu du, eta Galizia “handi” bat sortzeak arazoak ekarriko lizkiokeela: “Gero eta eskumen gehiago izanda, orduan eta hobeto ikusten da bere ezgaitasuna”.

Espainiako monarkia ere gogor kritikatu du bozeramaileak, eta "zentralismoaren parean” eta “indar ekonomiko handien aurrean” eskuak aske dituztela gaineratu du. “Plaza honetatik irtengo gara jakinda gure esku dagoela. Jakinda denok batera geldiezinak garela”, aldarrikatu du Pontónek. 

Bukatzeko, BNGren papera nabarmendu nahi izan du. Alderdiak “irekia eta plurala” dela adierazi du, eta “etorkizuneko alternatiba” direla gaineratu du. “Politika berde eta feminista bat” martxan jartzeko hautua egin du, eta positibo agertu da datorren hauteskundeei begira: bigarren indar politikoa izan dira Galiziako 2020ko hauteskundeetan.

Espainiko Armadaren probokazioa

Santiagon manifestazioa hasi baino lehen, Espainiako Armadaren hegazkinek hori eta gorriz margotu dute zerua beren gainean. Manifestariek txistuka erantzun diete, eta aldarrikapenak ere egin dituzte: “Nahi ala ez, Galizia nazioa da”.