argia.eus
INPRIMATU
Galiziaren burujabetasuna aldarrikatu dute 10.000 lagunek
  • BNG alderdi nazionalistaren deialdiari erantzunez, igandean milaka lagunek Santiagoko kaleak hartu zituzten Galiziaren burujabetasuna aldarrikatzeko. Uztailaren 25ean egiten den ekitaldi nazionala ordezkatu zuen manifestazioak, Santiagoko tren istripu larria zela eta bertan behera geratu baitzen.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko irailaren 16a

Eguerdiko 12etan abiatu zen jendetza Galiziako bandera erraldoi baten atzetik. ‘Galizia burujabetasunaren alde’ lelopean, nazioaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten, baita PPren politikek eragin duten “egoera larria” eta suteen kudeaketa kaskarra salatu ere.

Hainbat eragile eta kolektibotako partaideen agerraldiaren ostean, Xavier Vence BNGko bozeramaileak hartu zuen hitza. Bere hitzetan, Madriletik inposatzen diren neurrien kontrako mobilizazioetara bideratu behar dute haserrea herritarrek.  “Ezinbestekoa da PPk Galizian eta Madrilen aplikatzen dituen politikak aldatzea. Ikuspuntu sozialetik zein ekonomikotik jasanezina da egungo egoera”.

Manifestazioa inflexio-puntu izatea nahi zuela adierazi zuen Vencek. “PPk martxan duen zentralizazio prozesua eten behar dugu, Galiziak erabakitzeko eskubidea berreskura dezan”. Zentzu horretan, Katalunia eredugarria da BNGko bozeramailearentzat: Frogatu dute herri bat, kanpoko laguntzaren zain egon gabe, arazoak bere kabuz konpontzen saiatzen bada, etorkizun hobe bat posible dela".

Ekitaldiari buruzko bideoa egin dute GalizaVideoTV -ko kideek.