argia.eus
INPRIMATU
Galiziar preso independentisten dispertsioa salatzeko martxa egingo dute espetxeetara
  • Galiziar preso independentisten senide eta lagunak biltzen dituen Que voltem para a casa! elkarteak deituta, dispertsioa salatzeko Marcha às cadeias izeneko martxa egingo dute Espainiako Estatuko hainbat espetxetara, otsailaren 3an eta 4an.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko urtarrilaren 24a
Hamaikagarrenez egingo dute "Marcha às cadeias" ekimena.

Santiago de Compostelatik eta Vigotik zutabe bana aterako da Leon, Madril, Valladolid eta Toledoko kartzeletara. "Gure helburuetako bat dispertsioa desagerraraztea da, galiziar preso independentistei sistematikoki aplikatzen zaien neurria", dio elkarteko kide Cristina Rodríguez Ramosek El Diagonal agerkarian.

Bost dira preso dauden galiziar independentistak. Que voltem para a casa elkarteak emandako datuen arabera, 2016an 272.892 kilometro egin eta 36.000 euro ordaindu zituzten (erregai eta abarretan) presoei bisita egin zieten senide eta lagunek. Zentzu horretan, Marcha às cadeias ekimenaren 11. edizioak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko, 3.500 euro lortzeko kanpaina abiatu dute Verkami webgunean.

Espainiako Audientzia Nazionalak 2013an eman zuen talde armatu independentista baten berri jasotzen zuen lehenbiziko epaia. Orduz geroztik gutxienez sei laguni ezarri dizkiete 6 eta 18 urte arteko espetxe zigorrak, eta beste 9 auzipetu dituzte "Jaro operazioaren" harira.