argia.eus
INPRIMATU
Galizian eukaliptoak ezabatuz ospatuko dute Basoen Mundu Eguna
  • Larunbatean, martxoak 23, Basoen Munduko Eguna dela eta, aldarrikapen giroan ospatzeko kanpaina antolatu dute Galizian: bertako mendi eta ibarretan monolabore bilakatua diren eta azken aldian sekulako suteak eragin dituzten eukaliptoak erauziko dituzte egun eta ordu berean, baso iraunkorrez ordezkatzea aldarrikatuz.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 20a

60 elkarte inguruk osatutzen duten Cousa de Raíces koalizioak egin du Galiziako mendietatik eukaliptoak eta beste landare inbasoreak erauzteko deia, ekintzan parte hartzera konbidatuz ikastetxe, elkarte, plataforma eta herritar guztiei.

Nazio Batuen Erakundeak Basoen Mundu Egunaren aurtengo edizioari lelotzat ipini diolarik "Ikasi basoa maitatzen", Cousa de Raicesek dio horretarako lehenbizi "berezi behar direla zer den baso bat eta zer ez. Baso bat ekosistema konplexu bat da, zuhaitzez eta bestelako landarediz osatua eta bertan bizi dira animaliak, onddoak eta mikroorganismoak harreman iraunkorrean. Aldiz, zuhaitz landaketa bat osatuta egoten da zuhaitz berdinez, kanpotik ekarritako eta bertako beste espezieekin harreman iraunkorrik garatzen ez duten zuhaitzez, interes komertzial hutsez aldatuta. Kanpoko espezieen landaketok bertako espezieei kalte larria eragiten diete, eta baita lurzoruari, errekei eta bio-aniztasunari, eta suteen ugaltzea laguntzen dute. Eucalyptus generoari daokionez, Galizian gaur 500.000 hektarea baino gehiago betetzen dituzte, herrialdearen lurrazal osoaren %17".

Cousa de Raicesen deialdiari jarraituz, dagoenekoz finkatuta daude ostegunerako eukalipto-erauzte ekintza batzuk, lekuotan bederen: Fraga (A Coruña), Rebordelo (Cerdedo-Cotobade), Froxán (Lousame), Gradín (Ponte Caldelas), Riba, Cousa Vella (Agolada), Río Tea (Mondariz), Tourón (Melón)...