argia.eus
INPRIMATU
Galiziako tren istripuaren
arduradun politikoak ikertzeari uko egin diote PPk eta PSOEk
  • 2013ko uztailaren 24an gertatu zen Santiagoko trenaren istripuak 79 hildako eta ia 200 zauritu utzi zituen. Kaltetuek eta senitartekoek dolumin eta babes hitz ugari jaso zituzten hurrengo egunetan. Baina eskaera bat ere egin zuten, egia jakin nahi zutela. Eta arduradunak azaldu zitezela halakorik berriro gerta ez dadin.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 21

Tren gidaria eta Adifeko segurtasun arduradunak inputatu zituzten istripuko erantzule zuzen gisa. Halere, biktimek arduradun politikoak ere eskatzen dituzte ezbeharra eragotzi zitekeela uste dutelako.

Treneko kontroleko nagusiak istripua baino urte eta erdi lehenago Grandeirako bihurgunearen arriskuaz ohartarazi zuen. Hori dela eta, “Alvia 04 155” izeneko biktimen plataformak  istripua saihestu zitekeela uste du.

“Renfe, Adif eta Espainiako Gobernua informazioa ezkutatzen” ari direla salatu dute. Plataformaren esanetan, “gertakariak argitu beharrean Abiadura Handiko Trenaren negozioa lehenesten ari dira”.  Izan ere, “AHTarekin saldu nahi izan duten segurtasun irudiaren ondotik gauza asko ez dira argitu”.

PPk eta PSdeG-PSOEk ikerketa eragotzi dute

Asoziazio horren eskaerei uko egin die PPk eta Galiziako PSOE abstenitu egin da. Popularrek argudiatu dutenez Galiziako Parlamentuak ez du halakoak ikertzeko gaitasunik ezta konpetentziarik ere. Gainera ez dute uste “ikerketa berri batek orain egiten ari denari ezer berririk gehituko liokeenik”. 

Gaineratu dutenez, “espero dugu istripua argitzeko egiten ari den ikerketak biktimak eta jendartea aseko dituen azalpenak garbi erakutsiko dituela”.

Santiagoko alkate ohi Jose Sanchez Bugallok (PSdeG-PSOE) uste duenez  “beti dago gaizki pentsatuko duen jendea. Zilegi da biktimek haien esku dauden baliabide guztiak erabiltzea gertatutakoa argitzeko. Baina Galiziako Parlamentuak ez du gehiago ikertuko. “