Espetxeetara Martxaren hamahirugarren edizioa berezia izan da Galizian. Lehendabiziko aldiz, partaideek ez dute urruneko espetxeetara bidaiatu beharrik izan preso galiziar independentistei berotasuna helarazteko. Borrokan jarraitzeko deia luzatzen dute presoen aldeko mugimenduek.
Urtero deitzen dute Espetxeetara Martxa Que voltem para a casa! plataformak eta Ceivar errepresioaren aurkako mugimenduak, Galiziako preso politiko independentisten alde. Aurreko edizioetan Espainiako Estatuko Aranjuez, Caceres edo Avilako espetxeetara bidaiatu behar izan dute. Aurten, lehendabizikoz, Galiziatik Galiziara egin dute bidaia ekainaren 1ean; Coruñako Teixeiro presondegira.
Bi hilabete inguru dira Teto R. Fialhega eta Edu Vigo presoak Dueñas eta Ocañako espetxeetatik Teixeirokora herriratu zituztenetik. Kolektiboko hirugarren presoa, Raul Agulheiro, Villabonan (Asturias) dago berak horrela eskatuta, presoaren sendiak hurbilen duen espetxea baita. Independentismoari loturiko beste bi presoak, Carlos Calvo eta Ariam Mosquera, ez dira kolektiboaren parte. Haiek ere bizitokitik hurbil daude espetxeratuak, Villabonan eta A laman (Ourense, Galizia) hurrenez hurren.
Sakabanaketaren amaiera borroka urte askoren emaitza da. Galiziako jendartearen sektore zabalek babestu dute aldarrikapena, BNG eta En Marea alderdi politikoek barne. Que voltem para a casa! plataformako kide Andy de Tenak La Directa-ri adierazitakoren arabera, urrats garrantzitsua da, baina berriak emateko beharra dago: “Sakabanketaren amaierarekin errepideko arriskuak desagertzen dira, gastu ekonomiko handiak eta sufrimendu ugari. Baina Teixeiro ez da espetxe gozoa. Aurten hildako bat egon da barnean, eta bi sute isolamendu moduluetan. Gure borroka ez da amaitu, adi jarraitzen dugu bere eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen eta zigorra murriztu diezaieten, erabat bidegabea baita”.
Errepresioa, euskal erara
Ezkerreko independentismoak preso politikoak izan ditu hamarkadetan. 1990eko hamarkada amaieran Ejercito Guerrilheiro do Povo Galego Ceive-ri loturiko azken presoak irten ziren espetxeetatik. 2005etik aurrera belaunaldi berri bat izan da errepresioaren jo puntua.
Ordutik, independentismoa kolpatu duten operazioak Resistencia Galega taldearekin lotu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, terrorismoaren aurkako legedi berezia aplikatuz. Galiziako mugimendu ugarik salatzen dute terrorismoaren aurkako borrokaren izenean gazte antolakundeen, gaztetxeen edo antolakunde politikoen aurka egin dela. Gaur egun, Causa Galiza antolakunde politikoko hamabi kide epaiketaren zain daude, Auzitegi Nazionalak auzipetuta.
Hemen, Galizacontrainfo-k martxaren inguruan ateratako bideoa: