Nuñez Feijooren hautagaitzak 41 eserleku lortu ditu, aurreko bozetan lortutakoak adina. En Mareak 16.000 bozkarengatik gainditu du PSdeG; biek hamalauna eserleku eskuratu dituzte.
Sorpresarik ez Galizian. Inkestek aurreikusten zutena bete, eta gehiengo absolutua berretsi du PPk. Ez hori bakarrik: duela lau urteko emaitzak hobetu egin ditu Nuñez Feijooren hautagaitzak, eserleku kopurua mantendu eta bozka kopurua igota. Botoen %48 lortu dute popularrek.
Gainontzeko alderdiei ateratako aldeek azaleratzen dute PPren nagusitasuna; bigarren alderdi bozkatuenari, En Mareari, 27 eserleku atera dizkio. Podemos, Anova eta Esquerda Unidak osatutako koalizioak PSdeG gainditu du: bi alderdiek hamalauna eserleku eskuratu badituzte ere, 16.000 boto gehiago jaso ditu En Mareak.
Hala, sozialistek orain arteko bigarren postua galdu eta hirugarren indar bilakatu dira; lau eserleku gutxiago lortu dituzte, 18tik 14ra jaitsita.Bere aldetik, beheranzko joera gelditu ezinik dabil BNG. Sei diputatu izango dituzte nazionalistek: 13 zituzten 2005ean, 12 handik lau urtera eta zazpi 2012an.
PP, eskualde guztietan garaile
Galiziako lau probintzietan irabazi du PPk, eta eskualde guztietan ere eurak izan dira garaile. Dantza gehiago izan da bigarren posturako. A Coruñan eta Pontevedran En Marea kokatu da bigarren postuan, eta PSdeG Lugon eta Ourensen.