Galiziako selekzioak ofizialki lehiatzeko eskubidea duela aldarrikatu du Vía Galega herri ekimenak. Aurkeztu berri duen manifestua kanpaina zabalago baten abiapuntua da, Anxo Louzao bozeramaileak iragarri duenez.
Louzaok gaineratu du kirolaren esparruan bezala beste askotan ere "debekaturik" dutela "galiziar bezala azaltzea". Batzuen helburua galiziarren nortasun-ezaugarriak "ezabatzea" dela dio, eta herri gisa euren autoestimua indartuko lukeen edozein aurrerapauso oztopatzea.
"Utzikeria erabatekoa da Galizian", salatu du. "Ez Xunta, ez Galiziako Futbol Federazioa, ez daude prest lagun arteko partidak antolatzeko ere, 2005ean BNGk abiatutako bidea etenez. PPk Gobernua hartu zuenean (2009an), argi zegoen ekimen horiek bertan behera utzi beharra zegoela".
Egoera irauli ahal izateko, espainiar federazioekiko lotura hautsi beharra dagoela nabarmendu du Vía Galegak, eta "erakunde propio eta burujabea" eratu. Eskozia eta Gales jarri ditu eredutzat, nazioartean ofizialki lehia daitezkeenak estatu propioa izan gabe ere, Eurokopan ikusi bezala. Helburua da "autoestimua handitzea, kontzientzia nazionala elikatzea, kirola galiziartzea eta genero berdintasuna sustatzea".
Abiatuko duten kanpainaren inguruko xehetasunak aurrerago emango ditu plataformak. Bien bitartean, Galiza, un Pobo, unha selección manifestuaren aldeko sinadura bilketa abiatu dute.