argia.eus
INPRIMATU
Galiza, Euskal Herria eta Herrialde Katalanetako sindikatu abertzaleek erabakitzeko eskubidea eta agenda soziala aldarrikatu dituzte
  • Galizako CIG, Herrialde Katalanetako Intersindical-CSC eta Euskal Herriko ELA eta LAB sindikatuek agiri bateratua aurkeztu dute. Espainiako Gobernuari zein hiru nazioetako alderdi politikoei zuzendu dizkiete euren aldarrikapenak.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 05
Argazkia: @LABsindikatua.

Bilbon aurkeztu dute Gizarte agenda eta erabakitzeko eskubidea dokumentua lau sindikatuetako buruek. ELA eta LAB sindikatuak Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk ordezkatu dituzte; Confederacion Intersindical Galega (CIG) Paulo Carrilek; eta Confederacio Intersindical Catalana (Intersindical-CSC) Carles Sastrek. Dokumentuak lau aldarrikapen nagusi ditu: Demokrazia, burujabetza, agenda soziala eta erabakitzeko eskubidea. Neurri zehatzagoak ere jasotzen ditu, hala nola pentsio eta lan erreformak lehengoratzea edo Mozal Legea indargabetzea.

Sindikatuen ustez, Espainiako Estatua krisi sozial eta politiko egiturazkoa bizi du eta adostu duten proposamenak alternatiba izan nahi du eskuin “birzentralizatzailearen” zein “autonomismoaren” aurrean.

Bilera alderdi politiko independentistekin

Sindikatu abertzaleetako ordezkariak Espainiako Gobernuari zuzendu zaizkio, baina norbere nazioetako alderdi politikoak interpelatu dituzte aldi berean. Bilera bat iragarri dute otsailaren 19rako, EAJ, EH Bildu, BNG, JxCAT, ERC eta CUP alderdiekin, dokumentua aurkeztea helburu.