argia.eus
INPRIMATU
Galindoren ikasle izandakoa “terrorismoaren aurkako” Europako buru
  • Astelehenean martxan jarritako Europako Terrorismoaren Aurkako Zentroko buru izango da Manuel Navarrete Guardia Zibileko koronela. “Terrorismoaren aurkako borrokan" duen esperientziagatik aukeratu dute: 1985ean abiatu zuen karrera Intxaurrondoko kuartelean.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 26a
Estatu Islamikoaren mehatxua baliatuz, eskumen zabalak izango ditu Navarreteren agindupeko taldeak informazioa bildu eta polizia operazioak agintzeko

Donostiako Informazio Zerbitzuan hasi zuen bere jarduna 1985ean Galindoren agindupean. Urte hartako abenduaren 15ean Mikel Zabaltzaren gorpua aurkitu zuten Bidasoa ibaian, Intxaurrondoko Guardia Zibilek atxilotu ostean. Navarrete 20 urtez aritu zen “terrorismoaren aurkako” lanetan. Hegoafrikako poliziaren aholkulari izan zen Apartheidean erabilitako prozedurak “egokitzeko” –Amnesty Internationalek salatu du gaur egun oraindik Hegoafrikan ohikoak direla tortura, indarkeria eta hilketak–. Espainiak AEBetan duen enbaxadan ere egon zen lanean.

1998tik 2014ra Europolen kolaboratzaile izan zen “terrorismoarekin” erlazionatutako gaietan. 2014ko uztailaren 1ean Europoleko terrorismoaren finantzaketaren aurkako buru izendatu zuten. Orain, ireki berri den Europako Terrorismoaren Aurkako Zentroko buru izango da. Kargu horretan, eta Estatu Islamikoaren mehatxua baliatuz, eskumen zabalak izango ditu Navarreteren agindupeko taldeak informazioa bildu eta polizia operazioak agintzeko.

Kargua hartu bezain pronto errefuxiatuen krisia eta terrorismoa erlazionatu ditu Navarretek. Koronelaren esanetan terrorismoa errefuxiatuen etorrera “kutsatu duen parasitoa” da. Lehenago ETAren eta yihadismoaren jarduna ere konparatu ditu yihadismoa eta immigrazioaren inguruan idatzitako txosten batean. Koronelaren esanetan errefuxiatuak Siria edo Iraketik ihes egitera bultzatzen dituzten arrazoiak ezagunak dira Europan: “ETAk euskaldun onen parametroetan sartzen ez zirenen edo laguntzen ez zutenen aurkako kanporaketa eta deuseztatze kanpainak gogoratzea baino ez dago”.