Juan Alberto Belloch Espainiako Barne eta Justizia ministroa izan zen Felipe Gonzálezen agintaldiko azken urteetan. Elkarrizketa batean adierazi du Galindo "onena" zela "terrorismoaren aurkako borrokan", eta bere ideia izan zela Guardia Zibilaren jeneral izendatzea, nahiz eta jakin torturaren "metodoa" erabiltzen zuela: "Gaizki egiten zuen gauza bakarra hori zen".
Espainiako gerra zikinari buruz mintzatu da Juan Alberto Belloch, 1993-1996 artean Justizia eta Barne ministro izandakoa, Felipe Gonzálezen agintaldian. El Español hedabide digitalak igandean argitaratutako elkarrizketan Bellochek baieztatu du, besteak beste, Espainiako Barne Ministerioak bazekiela guardia zibilek atxilotuak torturatzen zituztela, eta baimena zutela. Ez du onartu, ordea, Gonzálezen gobernuaren onespena zutenik: “Gauza bat da Barne ministroa eta bestea gobernua”.
Bellochek adierazi duenez, bera kargura iritsi zenean “metodo” deitu dion tortura debekatzen hasi zen: “Nik Galindori esan nion ezin zituela tratu txarrak erabili adierazpenak lortzeko modu gisa”. Baina, atxilotuak torturatzen zituela jakinda ere, jeneral izendatzea bultzatu zuen, “merezi zuelako”. “Terrorismoaren aurkako borrokari dagokionez, onena zen, zalantzarik gabe”, argudiatu du, eta gehitu du torturatzea izan zela Galindok gaizki egin zuen gauza bakarra.
Rodriguez Galindo Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko nagusia zen garai hartan, eta jeneral izendatu zutenean jada haren aurkako ikerketa judizial bat irekita zegoen, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren hilketei lotuta. Bellochek garrantzia kendu dio horri, esanez ez zuela sinesten Lasa eta Zabala Galindok hil zituenik, “epaileek esan zuten arte”; areago, oraindik “zalantzak” dituela aitortu du. Bellochen arrazoia zera da: ez zela ohikoa Galindok horrelako gauza “bortitza eta txoroa” egitea, gorpuak “edonoren eskura” uztearena, alegia. Hark egin izan balu, “normalena litzake inoiz ezertxo ere ez jakitea”, ministro ohiaren hitzetan.
GALen sorrerari buruz galdetuta, ez du izenik esan nahi izan, baina nabarmendu du ez zela Felipe González izan. “Ez dakit ziurtasunez. Esan dezakedan bakarra da GAL sortu zela Barne Ministerioko goi zuzendaritzan, agintzen zutenen artean. Ez zen pertsona bakarra izan. Horixe da ziurtzat daukadan bakarra”.