Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari zen, inork tonalitatean zalantzarik egin bazuen.
Zer pentsatua ematen du horrek. Gauzak bizkor aldatzen diren munduan, sare sozialek betetzen dute funtzio hori: jendeari sentsazioa ematea munduak azkar egiten duela bira eta ezin jarraituan gabiltza, hamsterrak bagina bezala. Lehen ere berdin egingo zuen bira, mundua analogikoa zenean, baina sentsazioa areagotu da, ez da dudarik. Berriki, enperadore sentitzen den kasik 80 urteko ugazabari, Donald Trumpi, amen-amen egin diote sare sozialen eta teknologiaren munduan agintean daudenek, eta ARGIAk, sari-banaketa ekitaldiko diskurtsoan, jakinarazi du sare sozial toxikoetatik alde egitea. Zergatik, eta txikitasunetik jarduteko, herrigintzan eragiteko. Soseguz.
Argia Sarien eguna bada egun patxadatsu bat, batzuen estresak estres. Elkargune dotorea da euskalgintzarentzat eta herrigintzarentzat, bertan elkartzen direlako, bazkariaren bueltan, memoria historikoaren alde borrokan dabiltzan nafarrak eta lapurtar euskaltzale sutsuak; kamera atzean zein aurrean dabiltzan kulturgileak, ezagunagoak ala ez; Donostian kazetaritzatik eragitea posible dela erakusten ari den jende prestua eta ikastetxez ikastetxe haurrei mugikorrik gabeko arnasguneak sortzearen alde dabiltzanak; eta era berean haurrei euskarazko dantzak eta kantuak erakusten dizkieten artistak. Kulturak salbatuko bagaitu, behin abiadura honi galga jarrita izan dadila.
Atxega jauregian testigu, ARGIAren ezinbesteko sostengu diren lagunak: harpidedunak, 50 urte baino gehiago daramatzatenek ordezkatuta. Ander, Ane, Dioni, Endika, Jesus Mari eta Maria Luisa. Haiek bai ikusiko zutela zertan aldatu den ARGIA, eta zertan segitzen duen berdin. Baita zertan segitu nahi duen ere.