argia.eus
INPRIMATU
Galesezko oinarrizko ezagutza eskatuko die gobernuak funtzionarioei
  • 2050. urterako sektore publikoa guztiz elebidundu nahi du Galesko Gobernuak. Milioi bat gales hiztun izatera heldu nahi dute 30 urte barru. 

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 13a
Mark Drakeford Galesko lehen ministroa. Argazkia: Galesko Gobernua

Galesaren gutxiengo ezagutza izan beharko dute hemendik aurrera Galesen postu publikoetan lan egingo duten beharginek. Gobernuak 2050. urterako aurkeztu duen planean bildu ditu aldaketok: funtzionarioek lanpostura aurkezten direnean edo handik sei hilabeteko epean lortu beharko dute “kortesiazko” hizkuntza maila, elebitasuna bermatzeko asmoz. Bost urterik behin ebaluatuko dituzte sektore publikoan egindako hikuntza aurrerapenak.

Galesa herrialdeko “kulturaren, ondarearen eta egunerokotasunaren oinarria” dela bildu du gobernuak 2050. urterako planean. Hizkuntza herri moduan duten “identitatearen parte" denez, bere erabilera babestea beharrezkoa dela azaldu dute, eta gobernutik “etsenpluaren bidez predikatuko” dutela, sektore publikoan bere erabilera sustatuz. Egun, funtzionarioen %23,6 baino ez dira gai galesez lanari lotutako elkarrizketa bat ulertzeko; herritarren artean, %75ek ez dauka hizkuntzaren ezagutzarik. 2050. urterako, ordea, sektore publiko osoa elebidundu eta herrialdean milioi bat hiztun izatera heldu nahi dute aplikatuko duten planari esker.

Langile guztiei zein herritarrei eskainiko dizkiete erraztasunak zerbitzuak galesez eman eta jaso ahal izateko. Aurrez aurreko hizkuntza klaseak eta klase telematikoak emango dizkiete langileei, elkarrizketarako taldeak izango dituzte eta, momentuoro, sareko laguntza jaso ahal izango dute beren eginbeharretan. Gobernua informazio teknologiez baliatuko da, neurria handian, hizkuntza bultzatzeko: langileentzako intraneta elebiduna izango da, eta herritarrek itzultzaile automatikoa izango dute sarean zerbitzu publikoak ematen dituen izapideak galesez egiten laguntzeko.

Zuzeneko zerbitzua emateko, sektore publikoan lan egiten dutenek testu labur eta errazak ulertzeko gai izan beharko dute; eguneroko esamoldeak eta hizkuntza sinplea erabiltzeko gai izan beharko dira; telefono deietan ingelesez zein galesez agurtu beharko dute jendea; eta leku eta pertsonen izenak zuzen ahoskatu beharko dituzte galesez. Bestalde, Gobernuak azken betebehar bat bildu du elebiduntasun planaren dokumentuan: hizkuntzarekiko kontzientzia eta jarrera ona erakustea eskatuko zaie funtzionarioei.

Kontrako iritzia

BBC hedabideak bildu duenez, alde kontserbadoretik heldu dira planaren aurkako lehen kritikak. Hizkuntza baino, beste lehentasun batzuk daudela adierazi dute toriek. Pandemiaren harira sortu diren zailtasunak kontutan hartuta, “nazioaren susperraldia” lortzeko, zerbitzu publikoan “posturako onena den pertsona” kontratatu behar dela esan dute. Galesez hitz egiteko eskatzea, desabantaila modura ulertu dute.