Orain arte Galesko Asanblada Nazionala zena, Galesko parlamentu bilakatu da, eta bertako hizkuntzan jaso du izendapena: Senedd Cymru. 21 urteko prozesuaren ostean heldu da parlamentuaren onarpena. Izan ere, legeak eratzeko eta zergak kobratzeko eskubideak lortzeko prozesuan egon da herrialdea azken bi hamarkadetan.
“Legeak egiteko eta zergak kobratzeko eskumenekin, izen berriak Seneddaren estatus konstituzionala islatzen du, parlamentu nazional bezala”, adierazi du Elin Jones parlamentuko presidenteak.
Parlamentu izaera eman dion lege berak aldatu die izena bertako kideei Asanbleako Kide izatetik Seneddeko kide izatera. Horrez gain, Seneddeko hauteskundeetarako bozkatzeko adina 16 urtera jaitsi dute, eta atzerritarrek eserlekua lortzeko aukera izango dute.
COVID-19ak eragindako konfinamenduak eragotzi egingo du Seneddaren inaugurazioa, baita kaleko seinaleak aldatzea ere; baina Jonesek asteazkenean egingo duten ohiko bileran hitz batzuk esango ditu Seneddari buruz.
Mugarri garrantzitsua
Plaid Cymru Galesko alderdi abertzaleko buru den Adam Pricek “mugarri garrantzitsua” edla adierazi du. Legebiltzarrak energia, justizia, komunikabideak eta ekonomian konpetentzia gehiago izatea eskatu du “Galesko jendeak beren bizitzetan eragiten duten erabakietan zeresana izateko”.
1999an eratu zen Galesko Asanblada Nazionala, 1997an egin zen erreferendum baten ondoren –%50,3a lortu zuen soilik–. Ordutik, eskumenak Londresetik Cardiffera transferitu dituzte; 2011an egindako beste erreferendum batek –%63,49arekin– hezkuntza, osasuna eta gobernu propioa izateko eskumenak izatea ahalbidetu zuen.