2022an galeperra galzorian izendatzea proposatu zuen Espainiako Zientzialarien Batzordeak, bere ehiza debekatzea ekarriko lukeena. Espainiako Gobernuak orain erabaki du ez ematea babes hori espezieari, eta ehiztarien lobbyak eskainitako informazioa erabili du horretarako.
Prozesua 2022an abiatu bazen ere, Espainiako Gobernuak galeperra babespeko espezie ez deklaratzea erabaki du astearte honetan, El Diariok argitara ekarri duenez. Galeperraren gaia puri-purian egon da ehiztarien lobbyaren eta antolakunde ekologisten artean.
2022 urtean Espainiako Zientzialarien Batzordeak ikerketa bat burutu eta galeperra galzorian dagoen espezie izendatzea proposatu zuen. Horren aurrean, ehiztarien lobbyak aurkako hainbat lan publikatu zituen eta, Espainiako Nekazaritza Ministerioaren laguntzaz, Zientzialarien Batzordera helarazi zioten informazioa. Komiteak informazioa aztertu ostean, Espainiako Gobernuak adierazi du galeperra ez dela galzorian deklaratuko.
Europa galeperraren ehiza debekatzearen alde
Europako Batzordeak denbora batez Galeperra ehizatzeari uzteko eskatu zion Espainiako Gobernuari 2024 amaieran. Espainiako Nekazaritza Ministerioak ezezko erantzuna eman zion. "Egungo ehiza maila sostengarritasun-mailen gainetik dago", azaldu dio El Diario-ri gaia ikertu duen Ehiza Baliabideen Institutuko kide Carles Carboneras-ek. Aldiz, ehiza lobbyaren esanetan, "galeperraren populazioak egonkor jarraitzen du Espainian". Azken horiei egin die kasu Espainiako Gobernuak.