PSE-EEko hautagaiak adierazi duenez, ez da beharrezkoa Felipe González presidente ohiak gerra zikinean izan zuen papera argitzea.
Idoia Mendia PSEko lehendakarigaiak adierazi duenez, GALen biktimek "ez dute ikerketa-batzorderik behar, badakigulako zertarako balio duten ikerketa-batzordeek, batez ere kongresuan azken aldian ditugun klima politikoetan".
Mendia CIAren txosten desklasifikatuen inguruan mintzatu da Onda Vasca irratian, eta "terrorismoaren biktimei buruzko ikerketa batzordeak ez dira baliagarriak", gaineratu du bertan. "Norbaitek uste badu CIAren txostenak orain arte ezagutzen ez zen daturen bat ematen duela, Justiziaren aurrera eraman behar luke. Eman diezaiola fiskaltzari horren berri eta prozedura judizial bat abiatu dezala", esan du. Egia eta justizia “auzitegietan” ezartzen omen direla azpimarratu du segidan.
Gainera, Mendia bere alderdiak hartutako neurrietan berretsi da, eta EH Bilduren aurka jo du: "Eginbehar gehiago dituztenak, hilketaren bidegabekeria aitortzeko gai ez direnak dira, bai estatu arrazoiengatik, bai arrazoi politikoengatik", adierazi du.
Halaber, gatazka armatua erabili du EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batera “ezkerreko hiruko” delako aukera politikoa baztertzeko. Mendiak Eusko Legebiltzarrean “etxeko lanak egiteke dituen alderdi bat” identifikatu du, eta “etikoki partekatutako oinarri sendoak gauzatu artean ez dago aukerarik", argitu du.