argia.eus
INPRIMATU
GALen biktimak omenduko dituzte Hendaian larunbatean
  • Gudari Egunaren harira, GALen eta errepresioaren biktimak omenduko dituzte larunbatean Hendaian. 11:30ean emango zaio hasiera ekitaldiari Beltzenia frontoian.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 23a
Ekitaldiaren aurkezpena Hendaiako Beltzenia frontoian (argazkia: Sylvain Sencristo)

Biktimen senideek, prentsaurreko batean azaldu dutenez, hiru helbururekin antolatu dute omenaldia: senide eta lagunei babesa erakustea, egia osoa eskatzea, eta Frantziako eta Espainiako estatuak interpelatzea, "bereziki Frantzia, GALek bost urtez bertan egin zituen ekintzen aurrean ez zuelako ezer egin", adierazi dute.

“Oraindik ez dute onartzen hemen ere sufritu dugula eta kalte handia sortu zutela”, adierazi du Ane Muguruzak, Josu Muguruza zenaren alabak, GALen biktimei diru laguntzarik ez emateko Madrilek hartutako erabakiaren harira.

Frantzia eta Espainiako estatuek "min bakarraren existentzia” sinestarazi nahi dutela salatu du Xabier Arin errefuxiatuak. "Sufrimendu anitz dago, ordea", adierazi du. Espetxeratuak eta desagerraraziak dauden pertsonak gogoratu ditu Arinek, baita GALek hildako 30 lagunak ere: "Biktima guztiak oroitu nahi ditugu, eta egia exijitu. Zer gertatu zen urte horietan?", galdetu du.