argia.eus
INPRIMATU
GALeko 18 biktimak jarriko dute Barrionuevoren aurkako kereila
  • GALeko biktima talde batek eman du kereilaren nondik norakoen berri Bilbon egindako prentsaurrekoan, Egiari Zor fundazioak eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak lagunduta. GALen aurkako eta, zehazki, José Barrionuevoren aurkako kereila aurkeztuko dute.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 14a
Egiari Zor fundazioa

Biktimen izenean aritu dira Edurne Brouard –1984n GALek hil zuen Santi Brouarden alaba– eta Bego Galdeano –1985ean GALek hildako Xabier Galdeanoren alaba–. Zehaztu dute orain arte Espainiako justiziak ez duela ezer egin bere aldetik GAL taldea auzitegietan ikertzeko, horretarako aukera eta arrazoi ugari izan badu ere, eta hortaz ekimena hartzea erabaki dutela.

Oscar Sánchez eta Maddi Bilbao abokatuek azaldu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean jarriko duten kereilaren nondik norakoak.

GAL. 1980ko hamarraldian jardun zuen, zehazki 1983tik 1987ra arte. Guztira 27 hilketa leporatzen zaizkio. Kasu honetan nagusiki Ipar Euskal Herrian izandako jardueragatik bideratuko da kereila, agerraldian zehaztu dutenez. Salatu dute garai hartan Frantziak 176 errefuxiatu utzi zituela Espainiako agintarien esku eta beste 74 deportatu zituela Amerikako eta Afrikako hainbat herrialdetara. Gizateriaren aurkako delitu gisa aurkeztu dituzte GALen hilketak eta, beraz, azpimarratu dute ez dutela preskribitzen.

BARRIONUEVO. GALen aurretik bestelako talde parapolizialak ere izan ziren Euskal Herrian eta giza eskubide ugari urratu zituzten. Kasu honetan, dena den, José Barrionuevo Espainiako Barne ministroaren aurkako kereila bideratuko dute, delituak hark zuzenean egin dituelakoan, partikularrek lagunduta, eta estatu aparatuen laguntza eta babesarekin. 1998an Espainiako Auzitegi Gorenak Segundo Marey-ren bahiketagatik zigortu zuen Barrionuevo –hamar urteko espetxe zigorra–, beste 11 polizia eta PSOEko kargu politikorekin batera. PPko José María Aznarren gobernuak, dena den, indultua eman zion eta hiru hilabete besterik ez zituen egin espetxean.

FROGAK. Abokatuek adierazi dute kereila aurkezteko froga ugari dituztela, besteak beste Barrionuevok berak zigorgabetasun guztiarekin hedabideei hainbatetan esandakoak. Oso ospetsua izan zen 2022an El País-i eman zion elkarrizketa, non aitortu zuen berak agindu zuela José María Larretxea errefuxiatuaren bahiketa saioa: “Nik hori nire gain hartu nuen, adierazi nuen nik agindu nuela, eta ez zen inongo ondoriorik egon, auzitegiek ez zuten deus egin...”. Atentatu horietan parte hartzen zutenei buruz zera zioen: "Lubaki beretik tiro egiten zuten lagunak". "Egiak ez du preskribitzen –diote GALen biktimek–, ezta minak ere. Barrionuevok, beste batzuek bezala, kontatu duena baino gehiago daki. Espero dugu hau, aukera bat izatea auzitegi batek inork bere gain hartu ez dituen erantzukizunak ezarri eta adierazi ahal izateko".

KEREILA GEHIAGO. Agus Hernan Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiko koordinatzaileak agerraldian adierazi duenez, orain arte estatua bera arduratu da estatutik egindako delituak estaltzen, eta horrek zigorgabetasuna ekartzeaz gain, biktimak birbiktimizatzen ditu. Azaldu duenez, Behatokiak azken hilabeteetan beste bi kereila ere jarri ditu, bata Josu Mujikaren hilketagatik eta bestea Txomin Letamendiren kasuagatik. Mujika Poliziak hil zuen Madrilen 1975ean eta Letamendi 1950ean hil zen, atxiloketan izandako torturek eragindako ondorioengatik.