Gaur, astelehenean, duela 35 urte, 1985eko martxoaren 30ean, Javier Galdeano gure lagun eta lankideak, Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langileak, bizia galdu zuen Donibane Lohizunen, han bizi baitzen erbesteratuta.
Honekin batera, behe aldean doan argazki hori Javierren alabetako batek bizi zen etxearen ondoan aterata dago, goiz erdian, han bertan metrailatu baino ordu batzuk lehenago egina. Argazkia egin zionean, Javierrek, txantxetan esan zion alabari: “Bueno, “Gogoan zaitugu” delakorako izan dezazuen". Horrela izan zen! Argazki hori bulegoan daukat zintzilik.
Egun horretan bertan, Tere nire lankidearekin batera, haren etxean bazkaltzen egon ginen. Arratsaldean elkarrekin joan ginen auto batean Baionara, manifestazioa zegoen, Javierrek bere ohiko lana Egin-era bidali zuen. Bidali eta gutxira, autotik irten zirenean, GALeko bala hiltzaileek eta mertzenarioek 19:30ak aldera akabatu zuten. Bi minutu geroago beste auto batean iritsi ginen, Javier lurrean hilda aurkitu genuen, Felipe Gonzalezen Espainiako Gobernuak ordaindutako mertzenarioetako batek gutxienez korrika nola egiten zuen ikusi ahal izan genuen.
Hemen erantsi ezin izan dudan beste argazki batean, Javierren gorpua ikusi ahal duzue lurrean odoletan, hilik, baita senide eta lagun talde bat ere. Horien artean, Tere ikus dezakezue, besoa altxatuta, Josu Muguruzarekin batera, eskuinean. Gorputz erdia ikusten zaio, Madrilgo Alcala hotelean hil zutena geroago. Atentatuan, Iñaki Esnaolak zauri larriak izan zituen. Ni ere ikus nazakezu, burumakur.
35 urte joan dira. Bere emazteak, Maribek, zaharren egoitza batean jarraitzen du. Aldian-aldian bisitatzen dut Sopelan, ondo dago. Bere bi alabak ere bai, bakoitza bere familiarekin.
Agur eta abar!
Besarkada handi denoi.
Juan Mari Arregi.