argia.eus
INPRIMATU
Galegozko egunkari bat jaioko da 2019an
  • Galego hutsean aritzen den egunkari bakarra izango da. Ekonomikoki sostengatu ahal izateko, 3.000 harpidedunen beharra dute. Kopuru hori lortzean ekingo diote proiektua digitaletik paperera pasatzeari.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 21
Hedabideaz arduratzen den batzordeko kideak. / Argazkia: Sermosgaliza.gal

Iazko urtarrilean sortu zen Sermos O Diario Galego egunkari digitala. Harpidetzak lortuz gero, hasierako xedea gauzatuko litzateke 2019an: galiziarrei galego hutsean aritzen den paperezko egunkari bakarra eskaintzea. Gaur egun ez dago paperean argitaratzen den galegozko hedabiderik. Galicia Hoxe-k 2011ean utzi zuen informazioa paperean kaleratzeari, hamazazpi urteren ondoren. Urtea amaitu baino lehen argitaratzen hastea aurreikusten dute.

“Ekonomikoki, sozialki eta kulturalki galiziar ororen nahiak bete nahi ditugu”, diote hedabideaz arduratzen direnek. 2018ko urtarrilean ekin zioten proiektuari. Edizio digitalean lau esparru lantzen dituzte: Galiziako albisteak, nazioartekoak, kultura eta agenda. Dena den, paperean arlo gehiago jorratuko dituztela iragarri dute, baina ez dituzte guztiak zehaztu. Feminismoa eta galegoa izango dira horietako bi.

Hasi dira harpidetzak

Harpidetzak egiteko formulario bat prestatu eta abian jarri dute. 3.000 harpidedunekin proiektua aurrera atera liteke, baina Xoán Costa hedabideaz arduratzen den batzordeko presidenteak “are gehiago” izatea nahi du: “Ohiko prentsarekin asetzen ez diren horiei dei egiten diegu; pentsamendu irekia dugu eta kritikotasunez jorratuko ditugu gaiak”.