argia.eus
INPRIMATU
Galderak

Aritz Díez 2020ko urriaren 23a

Azken bolada honetan galdera gehiegi sortzen zaizkit: Noiz arte iraungo du honek? Nolakoa izango da etorkizuna? Zenbat galduko dugu? Zer egin dezakegu? Ez da erraza familia bat mantendu behar duen pertsona batentzat etengabeko ezjakintasunean bizitzea. Ez da bat ere erreza izan behar auzoko denda edo taberna bat duenarentzat bere saltokia zergatik itxi behar duen ulertzea, langileen artean “positibo” bat

"Osasunak Espainiako 'Vuelta' pasatzea itxaron dezake, baina zuk ordaindu gabeko lana egitea, zure aisialdiaz disfrutatzea edo zure eskubideak zanpatuak izan ez daitezen batzea Osasunaren kontrako atentatua da"

izateagatik, enpresa handi batek ere ez duenean itxi behar, edo merkataritza gune oroko denda guztiak irekita dauden bitartean.

Onintza Enbeitak idatzi zuen: “Ez nago esaten duten guztiaren kontra, baina edozer esatearen kontra nago”. Hala da. Ez dut uste aukera gehiagorik utziko digutenik. Osasuna aipatzen denean, hankak dardarka hasten zaizkigu, eta edozein gauza egiteko edo amore emateko garela ematen du.

Aurreko asteburuan Nafarroan egon nintzen senide bati bere etxea eraikitzen laguntzen. Auzolanean izan zen, eta hainbat lagun batu ginen herri txiki batean, debekuaren gerizpea gure gainean. Lana, ordaindua ez zenez, ezin zen egin, momentu horretan sei pertsona baino gehiago ezin baitziren batu; baina ordaindua izan balitz, dozenaka batu gintezkeen lan bera egiteko.

Igandean, Chivitek neurri zorrotzagoak iragarri zituen, baina ostegunera arte ez dira hasiko. Osasunak Espainiako “Vuelta” pasatzea itxaron dezake, baina zuk ordaindu gabeko lana egitea, zure aisialdiaz disfrutatzea edo zure eskubideak zanpatuak izan ez daitezen batzea Osasunaren kontrako atentatua da.

Nork ezartzen digu neurria?